Berango eta Sopela kaltetu dituen suteak 200 hektarea erre ditu

Actualizado: martes, 29 diciembre 2015 13:05

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

   Berango eta Sopela herri bizkaitarretan joan den igandean hasi eta 24 ordu baino gehiago iraun duen suteak guztira 200 hektarea erre ditu, Bizkaiko Foru Aldundiak egin duen lehen zenbatespenaren arabera.

   Foru erakundeko iturriek Europa Press berri agentziari ziurtatu diotenez, sugarrek kaltetutako eremu handiena (%70) Berangori dagokio, eta gainontzekoa (%30) Sopelari. Basalan sozietateko bi talde -bakoitza seina lagunekin- sutea izan den zonaldean daude astearte honetan, zainketa lanak egiten.

   Suteak bi gune izan ditu hasieran: Berangon bertan bat, hiru kilometroko frontearekin, eta Sopelan bestea, baina ez jendea bizi den gunean. Suteak ez du kalterik eragin pertsonengan.

   Basalan foru sozietate eta mendi zerbitzuko 70 lagun aritu dira sua itzaltzeko lanetan, Bizkaiko Aldundiko 50 suhiltzailerekin batera. Gainera, bi ur hegazkinek lagundu dute. Azkenean, astelehen gauerdian sutea amaitutzat jo dute.

   Bizkaiko Aldundia sutea nola sortu den zehazteko txostena egiten ari da, eta oraingoz ez du inolako hipotesirik baztertu. Sugarrek kalteturiko landaredia zein den ere zehazki aztertuko du foru erakundeak.

   Aldundiak berak eta Iraunkortasun Sailak lanean aritu direnen ahalegina eskertu dute, haize gogorrek egoera zaildu dutela ere kontuan hartuta. Gainera, poza azaldu du zauriturik egon ez delako.