Bergara Zientziaren Leku Historiko izendatu du Europako Fisika Elkarteak

DIPCko arduradunak eta Bergarako alkatea
DIPC
Actualizado: miércoles, 10 octubre 2018 13:06

DONOSTIA, 10 (EUROPA PRESS)

Europako Fisika Elkarteak Zientziaren Leku Historiko izendatu du Bergara, eta Rüdiger Voss europar erakundeko presidenteak urriaren 20an emango dio aintzatespena Gipuzkoako herriari, ekitaldi instituzional batean.

Horrela jakinarazi dute Elena Lete Bergarako alkateak eta Pedro Miguel Etxenike Donostia International Physics Center-eko (DIPC) presidenteak, asteazken honetan euskal ikerketa zentroan egindako prentsaurrekoan.

Urriaren 20ko ekitaldiko buru Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) agintariek eta Europako ordezkariek ere hartuko dute parte.

Etxenikek azaldu duenez, "sari nabarmen hau fisikaren bilakaeran funtsezkoak izan diren lekuei ematen die Europako Fisika Elkarteak, gizadiaren aurrerapenean modu erabakigarrian lagundu dutenei". Aurretik, Institut Curie (Frantzia) edo CERN Synchrocyclotron (Suitza) bezalako erakundeek jaso dute sari hau. Modu honetan, Bergara Zientziaren Leku Historiko bilakatuko da Elhuyar anaien lanari esker, wolframioa isolatu zuten lehenak izan baitziren Gipuzkoako herrian.

Garai hartako jarduera zientifikoa Laboratorium-ean eta Bergarako Seminarioan burutu zen, eta balio historikoa aitortzeko Europako Fisika Elkartearen plaka bana jarriko da bi eraikinetan.

Leteren hitzetan, "Bergara Euskal Herriko zientziaren sorgunea izan zen eta Europako ideia berriekin bat egiteko nahia eta adorea izan zuen. Gerora, ondare hori guztia berreskuratzeko egindako lanaren emaitza da Laboratorium Museoa. Bertan dago gure zientzia bilduma eta ateak zabalik ditu".

Europako Fisika Elkartea 1968an sortu zen eta Europako elkarte zientifiko garrantzitsuenetako bat da. Bere kideen artean daude Europako 42 fisika elkarte, fisikaren arlo guztietako banakako pertsonak eta Europako ikerketa erakundeak, eta 130.000 pertsona baino gehiago batzen ditu. Zientzia erakunde gisa, fisikaren aurrerapena sustatzen du, Europako fisika komunitatearen interesak babesten ditu eta nazioarteko elkarlana bultzatzen du.

PROPOSAMENA

Duela bi urte, DIPCk proposamen bat aurkeztu zion europar erakundeari, wolframaren aurkikuntzan Laboratorium-aren eta Bergarako Seminarioaren garrantzi zientifiko eta historikoa azalduz. Ildo horretan, Etxenikek eskerrak eman dizkio Leteri, Bergarako Udalak prozesu osoan zehar eskainitako "laguntza baliotsuagatik".

Horrela, Bergarak 750. urteurrena bizi duen urtean, urriaren 20ko ekitaldia "iraganaren aintzatespena izango da, etorkizunera begira", alkateak nabarmendu duenez.

Etxenikek azpimarratu du aintzatespena Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen lorpena ere badela, eta bere kideak bereziki gonbidatu ditu urriaren 20ko ospakizunera.

Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiak lehenak izan ziren wolframa isolatzen. Zientzia modernoaren eta teknologiaren aurrerapenean erabakigarria izan zen elementu metaliko berri hori. Wolframa modu arruntean erabiltzen da lanparen filamentuetan eta altzairu berezien fabrikazioan. Material estrategikoa da eta produktu gutiziatuen zerrendan egon da Bigarren Mundu Gerraz geroztik. Adibide gisa, AEBek sei hilabeteko erreserba nazionalak mantentzen dituzte.