Bermeok Nestor Basterretxea omenduko du martxoaren 21ean

Omenaldia aurkezteko prentsaurrekoa eman dute
Foto: BERMEOKO UDALA
Actualizado: viernes, 13 marzo 2015 12:36

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

   Bermeo herriak Nestor Basterretxea pertsona, artista eta bere seme kutuna gogoratzeko ekitaldia egingo du datorren martxoaren 21ean. "2014ko uztailaren 12an, Nestor Basterretxea jauna joan zitzaigun eta, pertsonarekin eta artistarekin batera, Bermeoko Seme Kutuna galdu genuen. Bermeo herriarentzat ezinbestekoa da Nestor Basterretxea artista eta pertsona bikaina omentzea eta eskertzea bere eskuzabaltasuna herri honekin", azpimarratu du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek.

   Bidegurenek prentsaurrekoa eskaini du ostiral honetan omenaldia aurkezteko. Berarekin egon dira Aingeru Astui eta Aritz Abaroa zinegotziak eta Jabier Zabala eta José Ramón Galdona Nestor Basterretxearen lagunak.

   Omenaldia Bermeoko Kasinoko areto nagusian izango da, eguerdiko 12:00etan. Ekitaldi "oso polita" izango dela azaldu dute, Bermeoko herritar eta talde askok parte hartuko baitute, hala nola txistulariek, txalapartariek, gaiteroek, dantzariak, Bermeoko Abesbatzak eta Izaro Abesbatzak. "Herriak Nestor Basterretxeari egingo dion omenaldia izango da, asko izan baitira omenaldi hau egiteko interesa agertu duten herritarrak eta elkarteak", nabarmendu du Astuik.

   Ekitaldia bukatu ondoren, Lameran, "Euskal Kosmogonia" Nestor Basterretxearen eskultura multzoaren aurrean, artista bermeotarrak udalerrian zehar duen parke eskultorikoaren inaugurazio sinbolikoa egingo da, asko baitira Nestor Basterretxearen lanak Bermeon: "Euskal Kosmogonia", "Hilargi Amandrearen Mamuak", "Hilarriak", "Olatua", Benito Barruetaren omenezko monumentua, "Matxitxakoko Bataila" eta "Lurdeia".

   "Bermeo da artista bermeotarraren artelan gehien hartzen dituen herria, Nestorren altxor bat daukagu Bermeon eta munduari erakutsi nahi diogu", adierazi du Bidegurenek.