Bermeoko eta Legazpiko udalek Gobernantzako Bikaintasunaren 2018ko Europako Labela lortu dute

Gobernantzako Bikaintasunaren Europako Labela
EUDEL
Actualizado: miércoles, 19 diciembre 2018 12:33

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Bermeoko eta Legazpiko udalek Gobernantzako Bikaintasunaren 2018ko Europako Labela jaso dute asteazken honetan, Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak Bilbon duen egoitzan egindako ekitaldian. Joan den martxoan bereizgarri bera jaso zuten Basauri, Ermua, Leioa, Irun eta Urnietarekin bat egin dute bi udalek.

Berrikuntza demokratikoaren eta gobernu onaren alorreko jarduketa aurreratuak aintzatesteko Europako Kontseiluaren bereizgarri nagusia da Gobernantzako Bikaintasunaren Labela (ELoGE). Eudeleko elkarteburu Imanol Landaren eta Europako Kontseiluko ordezkari Alina Tatarenkoren eskutik jaso dute aitorpena bi udaletako alkateek.

Bermeoko eta Legazpiko udalak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) zazpi udalek lortu dute dagoeneko toki gobernuentzako kalitatearen eta bikaintasunaren Europako bereizgarri gorena. Bizkaian Labela lortu duen laugarren udala da Bermeo, eta Legazpi, berriz, Gipuzkoako hirugarrena. Europa osoko 200 udalerrik dute zigilua.

Landak zorionak eman dizkie udalei, "nota onarekin gainditu dutelako Europako Kontseiluaren ebaluazio zorrotza". "Labela lortzeko hautagai izatea berez da konpromiso handia udal gobernuarentzat, etengabeko hobekuntzari eta zerbitzu publikoen berrikuntzari dagokionez. Gaur, Euskadiko udalak erreferente bat gara berriro ere Europan, gardentasunaren eta gobernu irekiaren alorrean", esan du.

Bestalde, Tatarenkok nabarmendu duenez, "gardentasunak eta gobernu onak sendotu egiten dute toki erakundeenganako konfiantza, eta herritarren parte hartzea bultzatzen dute. Konfiantzarik gabe, demokrazia ahuldu egiten da".

ALKATEAK

Idurre Bideguren Bermeoko alkatea oso pozik agertu da zigilua jasotzeagatik, udala "kudeaketa aurreratuan eta berrikuntzan aspaldi egiten ari den lana aitortzen duelako". "Azken urteotan herritarren eta administrazioaren arteko harremana estutzea izan dugu helburu, xedeak lortzea garrantzitsua delako, baina horiek zelan lortzen diren ere. Horregatik gauzak beste era batera egiten saiatu gara eta, bikaintasunerako bidean, udal onenen artean egotea erronka interesagarria izan da", nabarmendu du.

Koldobike Olabide Legazpiko alkatea ere harro eta pozik azaldu da zigiluak dakarrenarekin. "Legazpi bezalako udalerri batentzat saririk sonatuena da, Europako udalerririk berritzaileenen eta aurreratuenen maila berean kokatzen gaituelako, gobernuaren gardentasunaren eta berrikuntzaren alorrean".

Olabidek nabarmendu duenez, zigilua "gure laneko ibilbide luzeari emandako saria da. Lan bikaina izan da, eta politikarien eta teknikarien artean koordinatuta egin da, gainera. Guztia gure udaleko antolakuntza eraldatzeko, egitura bizkorra, modernoa, gardena eta, batez ere, eraginkorra eta efizientea izan dadin", gaineratu du.