'Bermeoko Mapa Morea' lantzen hasiko dira datorren astean

Archivo - Bermeo Sollubetik ikusita.
EUROPA PRESS - Archivo
Actualizado: jueves, 29 septiembre 2022 14:16

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

Bermeoko Udala (Bizkaia) 'Bermeoko Mapa Morea' lantzen hasiko da astelehenetik, urriaren 3tik, herriko eragile eta herritarrekin batera. Ekimenaren helburua da genero ikuspegitik udalerriaren hiri diagnostikoa egitea, ondoren hiri plangintzan eta diseinuan aintzat hartzeko.

Hain zuzen, Bermeoko Udaleko iturriek jakitera eman dutenez, 'Mapa Morea' lantzeko lau saio egingo dira Kultur Etxean, urriaren 3an, 10ean, 17an eta 24an, eta erabat irekiak izango dira.

"Prozesu honetan ez dira hirigintzan 'adituak' behar, Bermeon bizi diren 'arituak' baizik. Beraz, herriko edozein auzotan bizi edota bertako kaleetan orduak ematen dituen emakume (edo gizonezko) orori zuzenduta daude saioak, adina, jatorria eta bizi baldintzak edozein direla ere", azaldu dute.

Urrian egingo diren lau saioetan, alde batetik, zenbait udal teknikarik eta ordezkarik formakuntza eskaini eta parte hartzea sustatuko dute, eta, bestetik, Bermeoko Udalak maparen informazioa kontuan hartuko du hiri plangintzan eta hurrengo proiektuetan.

Saioak aurrez aurre egingo dira, baina tarte bat zabalduko da sarean parte hartzeko. Kultur Etxean izango dira, 17:30ean gaztelaniaz, eta 19:00etan euskaraz. Bertaratzeko aukerarik ez dutenentzako galdetegi digital bat ere prestatu da.