Bernat Etxepare izango dute hizpide datorren astean Bilbo Zaharra Forum jardunaldietan

Bernat Etxepareren 'Linguae Vasconum Primitiae'.
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: viernes, 26 febrero 2021 13:10

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

Bilbo Zaharra Forum jardunaldiak egingo dira datorren astean Euskaltzaindiaren egoitzan, eta Bernat Etxepare izango dute hizpide, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren XIV. edizioaren atari gisa, Euskaltzaindiko iturriek jakitera eman dutenez.

Aurten, Klasikoen Irakurraldi Jarraituak Bernat Etxepareri egingo dio gorazarre, 'Linguae Vasconum Primitiae' (1545) euskaraz argitaraturiko lehen liburuaren egileari, hain zuzen. Euskaltzaindiak liburuaren faksimilea argitaratu zuen 2013an, Eusko Legebiltzarraren babesarekin: 'Linguae Vasconum Primitiae. Euskaldunen hizkuntzaren hasikinak, 1545'.

Klasikoen Irakurraldia ekainean izango da, baina aurretik Bilbo Zaharra Forum jardunaldiak antolatu ohi dira, atari gisa, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan.

Bada, aurten, jardunaldiotan honako hauek parte hartuko dute: martxoaren 2an, Patri Urkizuk eta Iñaki Aldekoak (19:00etan); martxoaren 3an, Xabier Amurizak eta Korrontzi taldeak (19:00etan); eta martxoaren 4an, Itxaro Bordak eta Ibon RGk (19:00etan).