Bi gizon atxilotu dituzte Bilbon labana bat erabiliz herritar bati 450 euro eta sakeleko telefonoa lapurtzeagatik

Actualizado: martes, 22 marzo 2011 12:54

BILBO, 22 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 28 eta 27 urteko bi gizonezko atxilotu dituzte gaur goizaldean Bilbon herritar bati larderiaz lapurtzeagatik. Bi atxilotuek, beste pertsona baten laguntzarekin, Mesedeetako zubitik zihoan herritar bati eraso egin diote sorbaldatik eta, labana batekin mehatxatu ondoren, 450 euro eta sakeleko telefonoa ostu dizkiote. Ertzainek San Frantzisko kalearen inguruan aurkitu dituzte bi atxilotuak eta lapurturiko diruaren kopuru bat berreskuratzea lortu dute.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, gertaerak goizaldeko 3:45 aldera izan dira, Bilbon. Herritar batek Mesedeetako zubiaren inguruan herritarren segurtasunerako lanak egiten ari zen Ertzaintzaren patruila baten laguntza eskatu du, hiru gizonezko atzetik eraso egin diotela eta 450 euro eta sakeleko telefonoa lapurtu dizkiotela esanez.

Biktimak ertzainei kontatu die hiru lapurrak atzetik etorri zaizkiola eta, labana batekin mehatxatu ondoren, lapurtu egin diotela. Hiru lapurren deskribapen fisikoa eman die agenteei eta San Frantzisko kalerantz joan direla esan die.

Ondoren, ertzainek San Frantzisko kaleko inguruak ikuskatu dituzte eta biktimak emandako deskribapenarekin bat zetozen bi gizon aurkitu eta identifikatu dituzte. Jarraian, lapurretaren biktima agertu da bertan, Zabalburuko ertzain-etxera baitzihoan lapurreta salatzera, eta atxikita zeuden gizonak lapurretako bi zirela adierazi die agenteei.

Hori ikusita, Ertzaintzaren agenteek miaketa bat egin dute eta lapurturiko diruaren kopuru bat aurkitu dute. Horregatik, 28 eta 27 urteko bi gizonezkoak atxilotu dituzte, larderiaz egindako ustezko lapurreta delitu bat egotzita.