Bilbao Mendi Film Festivalek Mendi Short film labur amateurren lehiaketaren bosgarren edizioa abiatu du

Mendi Short lehiaketa abian
MENDI FILM FESTIVAL
Actualizado: domingo, 14 octubre 2018 11:46

BILBO, 14 Oct. (EUROPA PRESS) -

Bilbao Mendi Film Festival jaialdiak Mendi Short film labur amateurren lehiaketaren bosgarren edizioa jarri du martxan. Nazioarte mailako lehiaketa da eta bideo sortzaile amateurrei zuzenduta dago. Lanak azaroaren 11ra arte aurkez daitezke, antolakuntzak jakinarazi duenez.

Mendiarekin lotutako gaiak jorratzen dituzten filmek parte hartu ahal izango dute, hau da, alpinismo, eskalada, mendiko kirol, abentura, eski, muturreko kirol, ekologia, ingurumen edo etnografiarekin lotutakoak. Lanek bost minutuko iraupena izango dute gehienez, eta 2018an sortuak beharko dute izan.

Irabazleak Mendi Short 2018ko Film Labur Onenaren Saria jasoko du, eta bere lana Bilbao Mendi Film Festivalen 11. edizioko bigarren asteburuan proiektatuko da BBK aretoan. Jaialdia abenduaren 7tik 16ra ospatuko da.

Aurreko edizioei dagokienez, lehena "Alps travelogue" filmak irabazi zuen (Bruno López eta Raúl Moreno), bigarrena "Piztu" lanak (Iñaki Urresti eta Mikel Urresti), hirugarrena "Erantzun zuzena" izenburukoak (Patxi Razkin) eta iazkoa "Fandango" lanak (Alex Areizaga).