Bilbo eta Donostiako kultur eskaintza eta sormen industrien aldeko Jaurlaritzaren apustua aitortu ditu Europak

Kontzertu bat Bilbon.
BILBOKO UDALA - Archivo

Actualizado: martes, 22 octubre 2019 12:18

Europako Batzordeko Berrikuntzaren Agentziak 'Creative Cities Monitor' hirien eta sormenaren inguruko txostena argitaratu du

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Bilboko eta Donostiako kultur eskaintza eta sortze ekosistema eta Eusko Jaurlaritzak kultur eta sormen industrien alde egin duen apustua nabarmendu ditu Europako Batzordeko Berrikuntzaren Agentziak argitaratu berri duen 'Creative Cities Monitor' izenburuko hirien eta sormenaren inguruko txostenak.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak jakinarazi duenez, txostenak azpimarratu du Bilbok eta Donostiak duten rola sormenaren alde egiten duten lana dela-eta nabarmendu diren 190 hiri eta lurraldeen artean. Halaber, txostenak Jaurlaritzaren ikuspegia jaso du, sormenaren alde Europa mailan egin duen apustua nabarmenduz.

Europako Batzordeak txostenean parte hartzeko gonbita egin zion Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeari, Europako agendaren barruan berrikuntza eta kultur eta sormen industriak sustatzeko Jaurlaritza egiten ari den ibilbidea aitortuz.

Europar Batasunarentzat erreferentzia diren beste zenbait agintari publikorekin batera, eskualde dimentsioak eskaintzen duen potentzialaz profitatzeko, berrikuntza sustatzeko eta kulturgintzaren eta sormenaren arloko eragile guztien arteko lankidetza bultatzeko beharra defendatu du Muñozek.

Hala, Berrikuntzaren eta Espezializazioaren Europako Estrategiak eskaintzen duen potentziala nabarmendu du Muñozek, eta gaineratu du Europako eskualdeetan aplikatu beharreko bere osagarriak eta berariaz egindako planak funtsezkoak direla sormenaren eta kulturaren arloak trakzio ikuspegi batetik sustatu ahal izateko.

LANKIDETZA

Europako agendan Euskadik izan nahi duen posizioa bermatzeko Eusko Jaurlaritzak abiatu dituen ekintza ezberdinei esker izan da posible lankidetza, eta Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzaren lanari esker Europako erakundeekin landutako elkarlanen eta konplizitateen emaitza da. Honela, Europa mailan eta euskal agendaren barruan nabarmentzekoa da Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Interreg Europe Creadis3 izeneko proiektu europarrean duen lidergoa.

Halaber, euskal erakundeak kultur eta sormenaren euskal arloetako parte hartzea babesten ari dira Europako Batasunak bultatzen dituen proiektu eta aukeretan, bai eta Europako beste kide batzuekin gauzatutako sare lana edo kultur diplomaziak eskaintzen dituen espazioetan izandako parte hartzea ere.

Horrela, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak, Euskadik Europar Batasunean duen Ordezkaritzak, Etxepare Euskal Institutuak, Europa Creativa Desk Media Euskadik eta Zineuskadik elkarrekin lan egiten dute aipatu ildoa sendotzeko asmoz.

Modu honetan, kultur eta sormen industriei lotuta Jaurlaritzak gauzatzen dituen ekintzak Berrikuntzaren Europako Agendarekin lerrokatuta daude. Zehazki, euskal erantzuna eta aplikazioa Espezializazio Adimentsurako Ikerketa eta Berrikuntza Estrategiaren bitartez gauzatzen da, kultur eta sormen industriak aukera hobi gisara sartuz. 'KSI Berritzaile' programaren bitartez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak berrikuntza sustatu eta kultur eta sormen industrien inguruko berezko euskal estrategia bat bultzatzen du.

Europako finantzaketaren itzulkinari dagokionez, kultur eta sormenaren euskal arloak Europa mailako proiektu eta ekimenetan agertzen duten inplikazio eta proaktibotasuna nabarmentzen da. 2014tik hona, 2014-2020 aldirako europar programen barruan jasotako zuzeneko finantziazioak 16 milioi euroak gainditu ditu. Bestalde, European Film Forum-eko kide den Donostia Zinemaldiko aurtengo edizioan aurkeztutako lau euskal filmek 'Creative Europe' programak eskaintzen duen finantza bermearen babesa izan dute.