Bilboko Bizkaia frontoia martxoaren 5ean inauguratuko dute

Bizkaia frontoia
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: viernes, 11 febrero 2011 14:29

BILBO, 11 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok eta Bilboko alkate Iñaki Azkunak Bilbon egiten ari diren Bizkaia frontoiaren lanak bisitatu dituzte, proiektuaren ardura izan duen Javier Gaston estudioko arkitekto-taldearekin batera. Azpiegitura berriak frontoia, trinketea eta Bizkaiko kirol federazio guztien egoitza izango den Kirol Etxea bilduko ditu instalazio bakarrean. Jose Luis Bilbaok iragarri duenez, frontoi berria, "dagoeneko Euskadiko handiena den hau", martxoaren 5ean inauguratuko da.

Bizkaia frontoiaren lanak azken fasean daude, eta lan horien bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak gauzatu egin du kirol munduari eginiko "promesa sendoenetako bat": Bilbon eskupilotarako frontoi bat egitea.

Berriki inauguratutako Bizkaia Arena kirol jauregitik metro gutxira kokatzen da azpiegitura berria, Miribilla auzoan. Oso asmo handiko proiektu bat izan da; izan ere, proiektu batean hiru instalazio batzen ditu: frontoia, trinketea eta Kirol Etxea.

Bizkaia frontoiak 3.000 ikuslerentzako lekua izango du, eta, trinketean beste 458 lagunentzako tokia izango da. Kolore beltzekoa izango da, marko gorri batekin, non Bizkaiko armarria agertuko den. Solairu bakoitza kolore batez margotu da; hala, koloreen arabera, kirol federazioen banaketa egingo da haien egoitza berrian.

Eraikina eskultura handi bat izatea nahi izan da: harrizko bolumen trinko eta itzel bat da, arbel beltzezkoa. Barnealdean modu originalean hustuta dago, hainbat erabilera hartzeko, eta zulo batzuk ditu. Zulo horien bidez argia sartzen da eta nahita akabera anbiguoa ematen zaie espazio guztiei. Horrez gain, gauez kontrako efektua sortzen dute: argia iragaztea.

Eraikinaren egitura hormigoizkoa da. Eraikinean, material bereziak erabili dira: kanpoaldean, Beasaindik (Gipuzkoa) ekarritako arbel beltz naturala; barrualdean, berriz, Debatik (Gipuzkoa) ekarritako kareharria erabili da trinketearen eta frontoiaren frontisak egiteko.

Halaber, Bilbao Arena Kirol Jauregian egin zen bezala, orain ere teknologia berriak erabili dira. Kasu honetan, eraikinean trigenerazio-planta bat egin da; planta horretan, batera sortzen dira beroa, hotza eta elektrizitatea, gas naturalaren errekuntzatik abiatuta. Kogenerazio-plantaren antzeko instalazio bat da, baina, kasu honetan, absortzio-sistema bat gehitu da, hotza sortzeko.

Bizkaia frontoia egiteko lanetan 110 enpresa azpikontratatuk hartu dute parte, eta haietako 72 Bizkaikoak dira. Obretan parte hartu duten langileen kopurua 876koa da.