Bilboko Esperantzako frontoi berria eraikitzeko lizitazioa onartu dute, 3,4 milioi euroko aurrekontuarekin

Proiektuaren infografia
AYTO. DE BILBAO - Archivo
Actualizado: jueves, 14 febrero 2019 12:52

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoak Bilboko Esperantzako pilotaleku berriaren eraikuntza lanen lizitazioa onetsi du. Metroaren 3. lineako Zazpikaleak geltokiaren estalkiaren gainean egongo da, 3.401.700,91 euroko oinarrizko aurrekontuarekin, BEZ aparte, eta 17 hilabeteko egikaritze epearekin. Gainera, proiektuaren barruan sartzen da Bilboko Udalaren egoitzak izango dituen eraikina.

Joan den azaroan, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak lankidetza hitzarmena sinatu zuten. Hitzarmen horren barruan zehaztu zen bi erakundeek erdi bana finantzatuko dutela proiektua. ETSk egiten duen ekarpenaren parte bat, Bizkaiko Aldundiak metroaren 3. linea eraikitzeko sinatutako hitzarmenetik dator.

Esperantzako pilotaleku zaharra 2015ean eraitsi ziten, 3. lineako Zazpikaleak geltokia eraikitzeko lanak errazteko. Bi eraikin, pilotalekua, zenbait egoitza, eta bi lekuetarako sarbideko ataria jasotzen duen eraikina bilduko dituen bolumen bakarra planteatzen ditu Itxaropen kalea 4 zenbakiko eraikinaren orubea okupatzeko diseinatutako proiektuak.

Pilotaleku berria geltokiaren estalkiaren gainean egongo da, Itxaropena kalearekiko zut, eta barruti itxia izango da, 30 bat metro luze eta 20 bat metro zabal. Harmailek zazpi eserleku lerro izango dituzte, eta egituraren azpian sartuko dira komunak eta aldagelak. Zazpi lerroek 300 pertsona inguru eserita egoteko lekua emango dute. Frontoia Bilbao Kirolak udal erakundeak kudeatuko du.

UDAL ERAIKINA

Bestalde, pilotaleku zaharra eraitsi ostean hutsik geratu zen lursaila osorik eraikiko da. Udal titulartasuna izango duen eraikin berriak bi helburu ditu: alde batetik, frontoi berriaren altuerako euskarri izatea eta, bestetik, erabilgarri dagoen gune berriaren aukeraz baliatzea, dentsitate handiko hirigunean.

Horretarako, bost solairuko eraikina diseinatu da, herritarren eskariei erantzuteko. Hori dela eta, solairu batzuek auzoko elkarteei eta taldeei zuzendutako erabilera izango dute, barrutiko espazio publikoak izango dira, eta gainerako solairuek ekipamendu erabilera izango dute, umeen, gazteen eta familien aisiarako, eta umeentzako liburutegiarekin.

Atari bakarra diseinatu da Itxaropen kaleko 4 zenbakian egongo den eraikinera eta pilotalekura sartzeko. Gune horretan batera egongo dira kirol erabilera eta kultura eta familiako aisia bilduko dituen ekipamendua.