Bilboko Euskararen Etxeak ordutegi berria izango du, erabiltzaileen beharrizanetara hobetu egokitua

Euskararen Etxea.
AZKUE FUNDAZIOA - Archivo
Publicado: domingo, 16 febrero 2020 13:30

BILBO, 16 Feb. (EUROPA PRESS) -

Azkue Fundazioak kudeatzen duen Bilboko Euskararen Etxeak berrikuntza prozesuaren lehen fasea burutu du, eta, besteak beste, ordutegi berria izango du, zabalagoa eta erabiltzaileen beharrizanetara hobetu egokitzen dena, bere arduradunek aurreratu dutenez.

Euskararen Etxea Bilboko San Inazio auzoan kokatuta dago, eta 2004. urtean sortu zen, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzaren ondorioz. Erreferentzia izan nahi du euskal eragileentzat eta jendartearentzat, eta, horretarako, hainbat zerbitzu eta bitarteko eskaintzen ditu, besteak beste, aretoen lagapena eta Euskararen Interpretazio Zentroa.

Egun, Azkue Fundazioak kudeatzen du gunea, eta, 15 urte eta gero, berritze prozesuan dago. Hala, berrikuntza prozesu horren lehenengo fasea burutu da, eta orain gizarteari aurkeztu nahi dio. Bada, berrikuntza horiek aurkeztuko dira Euskararen Etxean bertan, astelehenean, otsailaren 17an, goizeko 11:30etik aurrera. Ekitaldian izango dira Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria eta Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendaria.

Euskararen Etxeak izango dituen berrikuntzen artean ordutegi berria nabarmentzen da, "zabalagoa eta erabiltzaileen beharrizanetara hobeto egokitzen dena". Halaber, Euskararen Interpretazioa Zentroa, aretoak lagatzeko zerbitzua eta Lantegi Kooperatiboa eskaintzen jarraituko du, ordutegi berrira egokituak.

Gainera, Euskararen Interpretazio Zentroko Eskola Programaren lantegi berria izango da ikastetxeentzat. Lantegi hori euskararen erabileraren eta sustapenaren inguruan ardazten da, eta LH3tik Batxilergorako ikasleentzat diseinatu da.

Bestalde, Euskararen Etxeak webgune berria izango du, bere zerbitzu guztiak kudeatzeko, eta beheko solairuan obrak egin dira, aretoei ahalik eta probetxurik gehien ateratzeko eta erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena emateko asmoz.

Azkenik, 'Hi(ZKI)bridoak' izeneko kultur egitarau berria eskainiko du. Literaturaren eta ahozkotasunaren inguruan ardaztutako zuzeneko ekitaldiak bilduko ditu, eta, besteak beste, Anari, Itxaro Borda, Ibon RG eta Txakur Gorria Sormen Kolektiboak parte hartuko dute. Egitaraua elkarlanean ondu da Booktegi, Lanku eta Loraldiarekin.