Bilboko Udalak 1,7 milioi inbertituko ditu Uribarriko ekialdeko irisgarritasuna hobetzeko lanetan

Uribarriko ekialdean jarriko den igogailuetako bateko infografia.
BILBOKO UDALA
Publicado: miércoles, 21 octubre 2020 17:58

BILBO, 21 Oct. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak hobetu egingo du Uribarriko ekialdeko irisgarritasuna, Bakio, Gorliz, Santurtzi, Plentzia eta Tutulu eta Lezamako Trenbide Zaharra kaleetan. Horretarako, bi igogailu bertikal jarriko ditu, haietako bat pasabide batekin. Gainera, arrapala batzuk jarriko ditu, eta oinezkoak eta ibilgailuak elkarrekin ibiltzeko guneak prestatu, kale horien inguruan irisgarritasuna hobetzeko. Obrek bederatzi hilabeteko iraupena eta 1.735.000 euroko aurrekontua dute.

Bilboko Udaletik jakitera eman dutenez, jarduketaren eremua Artxanda mendiaren hegaletan dago, eta hala, desnibel handiak daude goialdearen eta behealdearen artean, 35 metro ingurukoak, hain zuzen.

Aurretik egindako jardunetan, Bilboko Udalak bi igogailu jarri zituen, bat C Uribarri zeharkalean, Maurice Ravel etorbidearekin lotzeko, eta bestea Tutulu kalea Bakio kalearekin lotzeko. Jarduketa horiekin eta Trauko eta Kristo kaleetako elementu mekanikoekin, auzotarrek irisgarritasun unibertsala dute Udaletxetik hasi eta auzoaren goialderaino, Lezamako Trenbide Zaharra bideraino. Uribarri mendebaldeko irisgarritasunaren aldeko neurriak metroaren 3. linea iristearekin osatu ziren.

Orain, irisgarritasun unibertsala auzoaren ekialdera eraman da. Hobetu egingo dira Tutulu kaleko Maurice Ravelekiko bidegurutzearen eta Lezamako Trenbide Zaharra bidearen arteko loturak, bi igogailu bertikal eginez, arrapalak ezarriz eta kaleetako batzuk oinezkoen eta ibilgailuen arteko gune partekatua izateko egokituz. Oinezkoentzako zuzeneko sarbideak ere egingo dira Gorliz kaletik, kale barrenak ez baitu irteerarik, Santurtzi kalerantz.