Bilboko Udalak 20 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu azken lau urteetan hiriko ikastetxeetan

Actualizado: viernes, 18 febrero 2011 14:33

BILBO, 18 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak azken lau urteetan hiriko ikastetxeetan egin dituen inbertsioek eta mantentze-lanek 20 milioi euro baino gehiagoko gastua ekarri dute, "hiriko ikastetxeak etengabe mantentzearen aldeko apustuari" eutsiz.

Ikastetxeen kalitatea bermatzen jarraitzeko, 2011. urtean zenbait obrak egiteko 3,5 milioi euro bideratzea aurreikusi du Bilboko Udalak. Lan horien artean daude isolamendu akustikorako obrak, arrapalak instalatzea, patio eta fatxadak konpontzea, leihateak aldatzea eta barrualdeko birmoldaketa eta konponketa txikiak.

Jarduerak barruti guztietako ikastetxeetan egingo dira, besteak beste Deustuko Ikastolan edo lehen mailako ikastetxeetan (Gabriel Aresti, San Ignazio, Sanchez Marcos, Arangoiti, Larreagaburu, Zurbaranbarri, Miribilla, Cervantes, Francisco de Goya eta Zorrotzako Fray Juan).

Halaber, Bilboko Udalak Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak mantentzearen ardura dauka, eta horretarako, enpresa espezializatu baten zerbitzuak kontratatuta dauzka, urteko 1.500.000 euro ordainduta. Gainera, urteko 160.000 euro bideratzen du kontratuan jasota ez dauden bestelako mantentze-lanetarako.

Diru-sail hauen bitartez egiten dira premiazko lanak, prebentziozko konponketak, itxidurak eta bestelako elementuak egiteko obrak, zoladura aldatzea umeentzako jolas-parkeetan, hala nola beste mota bateko obra txikiak eta konponketa xumeak, betiere Bilboko ikastetxe publikoen funtzionamendu egokia bermatze aldera.

Mantentze lan horiek, 35 ikastetxetan, eskolaurreko bi zentrotan, 13 haurreskolatan eta hezkuntza-zerbitzuetako bederatzi eraikinetan egin dira.

Izapideak arintzeko, arazoak hobeto jakinarazteko eta narriatutako elementuak arinago konpontzeko, Bikaslan tresna informatikoa abian ipini zen, 2008. urteko otsailean. Horren bidez, ikastetxeen mantentze beharrizanak denbora errealean ezagutzeko aukera dago, ahalik eta eraginkortasun nahiz arintasun handienaz konpontzeko.

AZKEN LAU URTEAK

Azken lau urteotan, Bilboko Udalak 20.458.709 euro bideratu du ikastetxeetan inbertsio eta mantentze-lanak egiteko eta haurreskola berriak eraikitzeko. Aurrekontua handitzeko ahalegin honen asmoa Bilboko hezkuntza ekipamenduak erabiltzeko era egokian daudela zaintzea da eta erantsitako taulan adierazitako moduan sailkatuta dago.

Agintaldi honetan inbertitutako guztizkoaren hiru laurdenak mantentze-lanei dagokie, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza Sailarekin batera finantzatutako obrak barne hartuz, azken honek obra bakoitzaren %60 arte a posteriori diruz laguntzen duelako.

Batera finantzatutako obra hauek udal gordailuari ia zazpi milioi euro ordaintzea ekarri diote. Horrekin, tamaina erdiko hobekuntza lanak gauzatu dira, adibidez, leihateak ordeztea, ikasgelak edo biltegiak bezalako beste erabilera batzuetara bideratutako espazioak sartzea, komunak eta jantokiak berregitea, hala nola patioetan egindako konponketak.

Gainera, aldi berean, Bilboko Udalak 5,5 milioi euro inguru inbertitu du Bilbo osoan kokatutako haurreskoletan, horietan eraikuntza berriak, zabaltze-lanak eta barruko konponketak egiteko.