Bilboko Udalak Basurtuko Ospitalera bisita gidatuak eskainiko ditu irailean

Hospital de Basurto
EUROPA PRESS
Actualizado: miércoles, 20 agosto 2014 11:57

BILBAO, 20 Ago. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Hiriko eraikin enblematikoetara egiten diren bisita gidatuen ekimena jarri zuen martxan joan den maiatzean.

Aurtengo edizioan, Abandoko elizate izandakoan dauden hiru erakunde historikotan zentratu da ekimena. Miserikordiaren Erret Etxe Santua eta Vista Alegreko zezen plaza zabaldu ondoren, irailaren 2tik aurrera Bilboko Ospitale Zibil Santuan, gaur egun Basurtuko Unibertsitate Ospitalean, antolatuko dira bisita gidatuak, Bizkaiko hiriburuko Udalak asteazkenean jakinarazi duenez.

Ohikoa denez, bisitak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, irailaren 2tik aurrera astearteetan eta asteazkenetan 17.00etan eta 18.45ean, ostegunetan eta ostiraletan goizeko 10.00etan eta arratsaldeko 18.00etan, eta larunbatetan goizeko 10.00etan eta 11.45ean, datorren irailaren 27ra arte. Elkartzeko lekua, Montevideo Etorbidea, 18, izango da, Sarrera Nagusian.

Ostiraletan bisitak euskaraz izango dira, lehenengo txanda taldeentzat eta bigarrena norbanakoentzat. Talde bakoitzak, gehienez ere, 30 pertsona izango ditu. Hori dela eta, beharrezkoa izango da erreserba egitea 010 / 94 401 00 10 udal telefono zenbakira deituz, goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara, abuztuaren 25etik aurrera.

MODERNOTASUNAREN IKONOA

Basurtuko Unibertsitate Ospitalea, lehen 'Bilboko Ospitale Zibil Santua' izandako, modernotasunaren ikonoa izan zen inauguratu zenean, 1908an. Izan ere, osasungarritasun irizpideetan oinarrituz eraiki baitzen, pabilioietan banatuta, horietako bakoitzean gaixoak espezialitateen arabera banatzeko.

Ordubete eta erdi inguruko iraupena izango duen bisitan, partaideek multzo arkitektoniko berezi horren nondik norakoa ezagutzeko, eta eraikuntzaren kostua ordaindu zuten familia ongileetara hurbiltzeko aukera izango dute, eta baita proiektuaren beste bultzatzaile batzuek izan zuten garrantziaz jabetzeko ere, Gregorio de la Revilla, Areilza doktorea edo Enrique Epalza arkitektoa.

Ehunka zuhaitz espezie dituen lorategiaren arkitektura eta estetika berezia ikusi aurretik, bisitariek ospitalearen zenbait bitxikeria ezagutu ahal izango dituzte, dokumentuak garraiatzeko sistema pneumatikoa -barne balija gisa funtzionatzen du- edo lur azpitik pabilioi guztiak komunikatzen dituzten tunelak, besteak beste.