Bilboko Udalak "Bilbo eta bere auzoak: historiatik begiratuta" bildumako azken liburukia argitaratu du

Liburuaren azala
BILBOKO UDALA
Actualizado: martes, 8 marzo 2011 12:35

BILBO, 8 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak "Bilbo eta bere auzoak: historiatik begiratuta" bildumaren bosgarren eta azken liburukia argitaratu berri du. Ekimen hori Bilbao Izan programaren barruan sartzen da, eta bere helburu nagusia Bilboko barrutien historian sakontzea eta hiritarrengana hurbiltzea da.

"Bidebarrieta Monografiak" bildumaren barruan argitaratu den bosgarren liburuki hau 15 eurotan eros daiteke liburu-dendetan eta maileguan har daiteke Liburutegien Udal Sarean. Liburukia Matiko eta Uribarri, Txurdinaga, Iturralde, Zabala, San Adrian, Ametzola, Peñascal eta Uretamendi eta Betolaza auzoetan jartzen du arreta, eta horiekin ixten da historiaren zenbait unetan Bilboko auzoen historiari, hirigintzari, arkitekturari edo errealitate sozialari buruz burutu den ikerketa saila.

Bilbao Izan egitarauaren barruan, 2005etik 22 hitzaldi eman dira. Hitzaldi horietan, izen handiko hizlariek auzoen nondik norakoan garrantzi handia izan duten historiari, errealitate sozialari edo demografiari buruzko alderdiak aztertu dituzte, eta hitzaldi horiek bilduma honetako aurreko lau liburukietan argitaratu ziren. Bosgarren liburuki honek, Kultura eta Hezkuntza Sailak beren beregi aginduta, espezializatutako ikerlariek oraindik ikertu gabe zeuden auzoetan burutu dituzten ikerketak biltzen ditu.

Lehenengo azterlana Matiko eta Uribarri auzoei buruzkoa da, eta egileak, Raul Lopez historiagileak, frankismoaren amaierako urteetan Bilbon zeuden talde ordezkaritzei buruzko azterketa soziala egin du, inguru horretako biztanleen elkarteen bitartez.

Alonso Olea doktoreak burutu duen bigarren artikulua Txurdinagako auzoari buruzkoa da. Azpimarragarria da lanaren planteamendua, 1950eko hamarkadaren erdialdean hasten baita, auzoaren eraikuntza 1960ko hamarkadara arte hasi ez bazen ere.

Zabala auzoari buruzko azterlana Arantza Pareja historiagileak egin du. XIX. mendearen amaierako industria eta meatzaritza jarduerak markaturiko hirigintza-garapenaren beste adibide bat da Zabala. Halaber, San Adrian, hirian zegoen espazio faltaren ondorioz sortutako beste auzo bat da, eta auzo horri buruzko azterlanaren egilea Susana Serrano Historia Garaikideko doktorea da.

Liburukik, bereziki gizarte alorra lantzen duen Peñascal auzoari buruzko lan bat ere jasotzen du, eta auzoaren nondik norakoei buruzko erreferentziak ematen ditu. Javier del Vigo egileak auzoaren jatorria azpimarratzen du: txabolismoa.

Azkenik, Uretamendi eta Betolaza auzoei buruzko azterlana dago. Bertan, Joseba Eguiraun psikologoak pinudiz eta gaztainadiz betetako gune periferiko bat, ia gauetik goizera, txabolaz bete zela erakusten du, 1950etik aurrera.