Bilboko Udalak umeentzako 29 lantegi antolatuko ditu datorren hiruhilekoan, familian egiteko

Haurrentzako lantegiak.
BILBOKO UDALA
Publicado: domingo, 20 octubre 2019 11:45

BILBO, 20 Oct. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak haurrentzako 29 lantegi antolatuko ditu, familian egiteko, azaroan, abenduan eta urtarrilean. Abandoko Udaltegiko eta Basurtoko Udaltegiko ekitaldi aretoetan eta Basurtuko ikastetxean egingo dira lantegiak, eta literatura, pintura, magia, zirkua, musika eta teknologia blokeetan banatuko dira, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

Belaunaldi arteko jolaserako, kulturarako eta aisialdirako gunea eskaini nahi die Bilboko Udalak familiei, elkarrekin egitekoak diren esperientziak eta kalitatezko denbora elkarrekin igarotzeko modua eskainiz. Adingabe bakoitzak familiako heldu bat eraman ahal izango du laguntzaile.

Urriaren 26an, azaroaren 9, 16, 23 eta 30ean, eta abenduaren 14an egingo dira lantegiak; Gabonetan, abenduaren 23 eta 30ean eta urtarrilaren 2an egingo dira. Goizez edo arratsaldez izango dira. Lantegi gehienak ele bitan eskainiko diren arren, euskara izango da komunikazio hizkuntza nagusia, euskararen erabilera familia aisialdiko uneetan sustatzea baita asmoa, ikastetxeetatik kanpo ere.

Lantegiak, berez, 2 eta 12 urte bitarteko seme-alabak dauzkaten familientzat dira, eta jarduera aukera zabala izango dute, guztiak familiako aisialdian gozatzeko. Ordu erdi (2 urte baino gutxiagokoentzat direnak eta 3 urtekoentzako direnetako batzuk) eta bi ordu eta erdi bitartean iraungo dute.