Bilboko Udaltzaingoak segurtasun uhalaren eta umeak eusteko sistemen erabilera zaintzeko kanpainak egingo ditu

Actualizado: viernes, 6 marzo 2015 10:32

BILBO, 6 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaltzaingoak zirkulazioa kontrolatzeko beste kanpaina bat abiaraziko du datorren astean, Euskal Autonomia Erkidegoko Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoaren barruan. Zehazki, segurtasun uhala eta umeak eusteko sistemak egoki erabiltzen direla kontrolatuko da, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

Hala, udaltzainek ohiko kontrolak indartuko dituzte segurtasun uhalaren eta umeak eusteko Bide Segurtasuneko Legeak aurreikusitako dispositiboen erabilera begiratzeko. Hartara, gidariek eta ibilgailuaren aurrealdeko zein atzealdeko bidaideek segurtasuneko dispositiboak behar bezala erabiltzen dituztela egiaztatuko dute, horiek erabiltzea derrigorrezkoa baita eta lege horretan beren-beregi araututa agertzen baita.

Joan den urtean, Bilboko Udaltzaingoak 50 kontrol egin zituen lau kanpainetan, helburu horrekin, eta guztira 34.215 ibilgailu kontrolatu zituzten. Salaketak 47 izan ziren, hau da, kontrolatuetakoen %0,14.