Biobizkaiak 3D inprimaketako osasun produktuak fabrikatuko ditu arreta pertsonalizatuagoa emateko

Biobizkaiak 3D inprimaketako osasun-produktu pertsonalizatuak fabrikatuko ditu, osakidetzan paziente bakoitzaren arreta hobetzeko
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 24 agosto 2026 12:21

BILBO 24 (EUROPA PRESS)

Biobizkaia Osasun Ikerketa Institutuak, Osasun Sailari atxikita dagoenak, Eusko Jaurlaritzaren lizentzia ofiziala lortu du neurrirako osasun produktuen fabrikatzaile gisa, eta ziurtagiri hori lortu duen euskal sare publikoko lehen agentea bihurtu da. Mugarri horrek hamarkada bat baino gehiagoko ibilbidea indartzen du praktika klinikoari aplikatutako 3D inprimaketari lotutako berrikuntzan eta garapenetan.

Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, "lizentzia berriari esker, osasun produktuen bost familia pertsonalizatu diseina eta fabrika daitezke: bioeredu anatomikoak, bioeredu anatomiko esterilizagarriak, gida kirurgikoak, azaleko erradioterapia aplikatzeko maskarak eta epitesi iragankorrak, guztiak ere paziente bakoitzaren behar espezifikoetara egokituak".

3D inprimaketaren bidez osasun produktu pertsonalizatuak fabrikatzeko Biobizkaiak lortu duen baimenak indartu egiten du Jaurlaritzako Osasun Sailaren konpromisoa, osasun arreta hurbilagoa, zehatzagoa eta paziente bakoitzaren beharretara egokituagoa izan dadin. Ekimen horrek, Euskadiko Osasun Itunarekin bat eginda, berrikuntza eta Osakidetzan teknologia berriak modu seguruan sartzea sustatzen ditu, hainbat diziplinatako profesionalen arteko lankidetza bultzatzen du eta tratamenduen eta interbentzioen planifikazioa hobetzen laguntzen du. Horrela, euskal sistema publikoak aurrera egiten du arreta pertsonalizatuagoa, bidezkoagoa eta pertsonetan oinarrituagoa lortzeko bidean.

Biobizkaiaren ereduaren bereizgarrietako bat Erradiologia arloarekin duen lankidetza estua da, arlo hori funtsezko zutabetzat jotzen baita prozesuan. 2016az geroztik, Osakidetzako Ezkerraldea-Enkarterri Gurutzetako ESIak 3D inprimaketako prestakuntza programak garatzen ditu atxikitako profesionalentzat eta egoiliarrentzat, eta 2024az geroztik, Osakidetzako Bilbo-Basurtuko ESIak ere bat egin du diziplina anitzeko ikuspegi horrekin.

Irudi mediko aurreratuetatik abiatuta (OTA eta erresonantzia magnetikoa), segmentazio zehatza egiten da, pazientearen anatomiarekin bat datozen hiru dimentsioko ereduak sortzeko. Ondoren, ingeniaritza taldeak irudi horiek egokitzen ditu 3D inprimaketan fabrikatzeko edo tresna osagarri pertsonalizatuak diseinatzeko.

Erradiologiaren, ingeniaritzaren eta espezialitate klinikoen arteko integrazio zuzen horrek prozedura konplexuetako ziurgabetasuna murrizten du, eta eragin zuzena izan dezake osasun emaitzetan. Aurpegi masailetako kirurgiak, traumatologiak, bihotz hodietako kirurgiak, otorrinolaringologiak eta onkologia erradioterapikoak, besteak beste, teknologia hori erabiltzearen alde egin dute.

KIRURGIA KARDIOBASKULARRA

Roberto Voces Sanchez Ezkerraldea Enkarterri Gurutzetako ESIko Kirurgia Kardiobaskularreko Zerbitzuko buruak 3Dn inprimatutako eredu anatomikoak erabiltzen ditu bihotzeko kirurgia konplexuak prestatzeko.

Paziente bakoitzaren bihotzaren erreplika horiek aukera ematen diote talde medikoari interbentzioa zehaztasun handiagoz planifikatzeko, tratatu beharreko zonak aurreratzeko eta prozedura hobeto azaltzeko. Teknika hori erabiltzeak kirurgia pertsonalizatuagoa, seguruagoa eta konplikazio gutxiagokoa izaten laguntzen du.

AURPEGI MASAILETAKO KIRURGIA

Leyre Margallo Itza Ezkerraldea-Enkarterri Gurutzetako ESIko Aurpegi masailetako Kirurgiako Zerbitzuko mediku laguntzaileak 3Dn inprimatutako eredu eta gida kirurgikoak erabiltzen ditu hausturengatiko, malformazioengatiko edo inplanteak jartzeagatiko ebakuntzak prestatzeko.

Tresna horiek, paziente bakoitzaren anatomiari egokituak, ebakiak egiten eta protesiak zehaztasun handiagoz jartzen laguntzen dute. Horrela, kirurgiaren eta anestesiaren denbora murrizten da, eta errekuperazio azkarragoa eta seguruagoa ahalbidetzen da.

ONKOLOGIA ERRADIOTERAPIKOA

Olga del Hoyo Alvarez Ezkerraldea-Enkarterri Gurutzetako ESIko Onkologia Erradioterapikoko Zerbitzuko mediku adjuntuak 3Dko inprimaketarekin fabrikatutako molde pertsonalizatuak erabiltzen ditu azaleko minbizi jakin batzuk tratatzeko.

Moldeok eremu irregular eta sentikorretara egokitzen dira, hala nola sudurrera, betazaletara, ezpainetara edo belarrietara, eta erradioterapia zehaztasun handiagoz aplikatzea ahalbidetzen dute, ehun osasuntsuak babestuz. Horrela, tratamendua erosoagoa eta laburragoa da, batez ere pertsona heldu edo hauskorrentzat, eta bizi kalitatea eta emaitza estetikoa hobetu ditzake.

ERAGINA

Lizentzia honekin medikuntza pertsonalizatua bultzatzen da Osakidetzan, pazienteei aplikatzeko 3D ereduen garapena zabalduz. Hala, Eusko Jaurlaritzak ikerketaren transferentzia bultzatzen du laborategitik pazientera, eta atea irekitzen die aplikazio kliniko eta ikerketa lerro berriei fabrikazio pertsonalizatuan.

Plataforma erreferente autonomiko eta estatala da, eta ahalmena du osasun berrikuntzako sareetan eta zentro anitzeko proiektuetan lankidetzan aritzeko.

Contador

Contenido patrocinado