BizBAKek gaur egungo sistema ekonomikoa berraztertzeko proposamenak eskainiko ditu

Actualizado: miércoles, 29 junio 2011 20:02

BILBO, 29 Jun. (EUROPA PRESS) -

Boluetak hartuko du, bihartik aurrera, ongizatea, jabetza edota aberastasuna kontzeptuak berraztertuko dituen ikastaroa, Bizkaia Bilbao Arte eta Kulturak, BizBAKek, eskaintzen duena, hain zuzen ere.

Beste ongizate bat lortzeko kontzeptu eta praktika berriak izeneko ikastaroak ongizatea, jabetza, aberastasuna edota bizitza zoriontsua kontzeptuak berraztertuko ditu bihar eta etzi, Boluetako Eutokia aretoan.

Ikastaro honek UPV/EHUk antolatzen dituen Bizkaia Bilbao Arte eta Kultura (BizBAK) udako ikastaroen barruan kokatzen da eta bertan parte hartuko dute Traficantes de Sueños argitaletxeak, Ecologistas en Acción konfederazioak, Gizarteratzearen aldeko Sartu federazioak, NEF (The New Economics Foundation) erakundeak, Asier Gallastegi gizarte aholkularia edota Jordi Roca katedratikoak eta El final del petróleo barato eta Economía y ecología liburuen egileak.

Gaur egungo finantza krisiak agerian utzi du sistema ekonomikoa krisian dagoela, bai sistemaren jatorriari dagokionez, bai haren ondorioei dagokienez. Ikuspegi horretatik, krisi sistemikoa aipatu ohi da, eta, areago, baita zibilizazio krisia ere; izan ere, egoeraren araberako finantza krisitik haratago, beste krisi batzuk ere bizitzen ari gara, garrantzitsuagoak eta sakonagoak, hala nola ekologiaren, elikagaien, zaintzen edota balioen krisia.

Egoera horren aurrean, zenbait ahotsek jarduera ekonomikoa bera eta ekonomiak sistema sozial eta politikoak konfiguratzeko duen nagusitasuna errotik aldatzeko beharra aldarrikatu dute ozenki. Ekonomiari ikuspegi normatibo eta etiko batetik begiratzeko eskatzen dute; alegia, ekonomiak pertsonen eta komunitateen garapenaren zerbitzura egotea.

Ekonomia bera ez dadila izan helburu bat, baizik eta tokiko eta nazioarteko ongizatea lortzeko baliabide bat, pertsonek eta herriek erabaki dezatela zein bide hartu merkatuen, finantza erakundeen edo enpresa transnazionalen aurrean. Izan ere, arestiko eragile horiek gidatzen dituzte, gaur egun, agenda eta erabaki ekonomikoak.

Mintegian, ikuspegi eta praktika berriak aurkeztuko dira, eta baita beste kontzeptu batzuk ere, hala nola ongizatea, jabetza, aberastasuna edota bizitza zoriontsua.

Begirada horiek beste ikuspegi batzuekin uztartuko ditugu: ekonomia solidarioa, ekologikoa edota feminista, eta baita gizarteratzeari buruzko proposamen eta praktikak, onura publikoa, kultura askea edota aldaketa lortzera bideratutako berrikuntza soziala ere.