Bizkaia Irratia, Bilbo Hiria irratia eta Hamaika Telebista omendu ditu Bilboko Udalak

Omenduak Aburtorekin.
BILBOKO UDALA
Actualizado: viernes, 2 diciembre 2022 14:01

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak Bizkaia Irratia, Bilbo Hiria Irratia eta Hamaika Telebista omendu ditu ostiral honetan, larunbatean ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan. Programazioa osorik euskaraz ematen duten tokiko ikus-entzunezko hedabideen konpromisoa eskertu eta ikusarazi nahi izan du Bilboko Udalak, "bilbotarren artean euskara normalizatzen eta euskal kultura sustatzen egiten duten lanagatik".

Omenaldia Bilboko udaletxeko Arabiar aretoan izan da, Juan Mari Aburto alkatea buru zelka. Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntzako zinegotzia eta beste udal ordezkari batzuk ere izan dira bertan.

Jabi Onaindia Bizkaia Irratiko ordezkaria, Ane Zabala Bilbo Hiria irratiko zuzendaria eta Iñaki Uria Hamaika Telebistako zuzendaria egon dira ekitaldian udalaren aitorpen sinbolikoa eskertzeko, eta Darío Urzayk egindako grabatu bana jaso dute. Sustraiak Adarretan taldea girotu du ekitaldia.

Aburtok omendutako hiru hedabideetako lantaldeei esan dienez, "euskara hutsez emititzea da zuen ezaugarria, berezi egiten zaituztena. Bilbo gero eta euskaldunago baten bultzatzaile zarete, bilbotarrek euskaraz hitz egitea eta harremanetan sartzea eta euskaraz bizitzea sustatzeko eragileak zarete".

Adierazi du uste osoa duela euskara hutsean emititzearen aldeko apustua egitea ez zela erraza izango, baina nabarmendu du denborak erakutsi duela apustu "sendoa eta irmoa" dela, "pitzadurarik gabea".

Bizkaia Irratia da programazio osoa euskara hutsean Bizkai osorako ematen duen irrati bakarra. Gainera, bizkaieraz egiten duen bakarra da. Helburuen artean, informazio xedeekin lotutakoez gain, euskararen erabileraren garapena eta normalizazioa ditu.

Adolfo Arejita filologoak bideo baten bidez parte hartu du omenaldian. Bideo horretan, irratiaren sorrera (1973an) eta gaurdaino izan duen bilakaera gogorarazi ditu.

Bilbo Hiria Bilbo Handirako euskara hutsean aritzen den irratia da. Bere programazioan gai sozialak eta kulturalak nabarmentzen dira. Musikan, berriz, kalitatea eta dibertsitatea dira bere apustuak. Zenbat Gara kultur elkarteak sortu zuen, eta helburu nagusitzat herritarren artean euskara eta kultura bultzatzea du.

Kasu honetan, Lutxo Egia idazlea izan da omenaldian Bilbo Hiria irratiaren ibilbidea gogora ekartzeko arduraduna, 1997. urtean sortu zenetik gaurdaino, hain zuzen ere.

Azkenik, Hamaika Telebistaren helburua da euskarazko ikus-entzunezko informazioa sortzea eta hedatzea, telebistan eta Interneten euskarazko eskaintza areagotu eta hobetzeko, hizkuntza normalizatzearen baitan apustu irmoa eginez. Komunikabideak berak dioenez, talde laneko egitasmo bat da, hiriari zuzendua, eta hiriaren parte hartzea sustatzen du.

Naroa Iturri Hamaika Telebistaren taldeko kide izan zenak telebistaren hasiera gogoratu du komunikabidearen emisioak hasi ziren urte beretik hasita, 2006tik.