Bizkaibusen lehen markesina berria jarri dute Muskizen

Bizkaibusen markesina berria Muskizen
BIZKAIKO ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 12 noviembre 2018 14:22

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

Bizkaibusen 17 markesina berrietatik lehenengoa astelehen honetan jarri dute, Muskizen. Zehazki, Bizkaiko herriko Crucero kaleko 4 zenbakian jarri da markesina, Bizkaibusek hirigune erdian eta egunero bidaiari gehien dituen geralekuan.

Miguel Angel Gomez Viar Bizkaiko Aldundiko Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko foru diputatua eta Borja Liaño Muskizko alkatea izan dira ekitaldian, besteak beste. Aurten egindako lizitazioaren emaitza dira markesina berriak, eta gainerako 16ak lurraldeko beste herri batzuetan jarriko dira datozen asteetan.

Gomez Viarrek gogoratu du helburua ez dela Bizkaibusen markesina guztiak aldatzea, ezinezkoa baita, baizik eta, astiro-astiro, egoera txarrean daudenak aldatzea edo markesinarik ez duten geraleku berrietan jartzea. Muskizen kasuan, diputatuak adierazi du udalak egindako eskaera betetzen ari direla, markesina berrietako bat izan nahi zutela jakinarazi baitzuten. Eskaera aztertu ondoren, ikusi zen geralekuaren ezaugarriak egokiak zirela eta horregatik erabaki zen ordeztea.

Bestalde, Liañok nabarmendu du udalerrietan lantzen ari diren "irudi modernoagoa" lortu ahal izango dela markesina berriarekin. Halaber, garrantzia eman dio erakundeek pertsonen mugikortasunaren eta erosotasunaren alde elkarlanean egiten ari diren apustuari.

EZAUGARRIAK

Muskizeko markesina berriak Bizkaibuserako berariaz diseinatutako egitura dauka. Hiru modulu ditu, 1,5na metroko luzerakoak. Egungo markesinak baino gardenagoa da, eta, beraz, inguruan eta barruan gertatzen dena ikusteko aukera ematen du. Gainera, diseinu modernoagoa eta berriagoa du. Argiteria bereziki landu da, gune ilunik edo puntu beltzik egon ez dadin, arriskutsuak izan daitezkeelako. Inguruabar horrek eta gardenagoak izateak seguruagoak egiten ditu, bereziki emakumeentzat.

Berritasunak ditu mugikortasun murriztua duten pertsonei iristeko bidea errazteko: euskarri iskiatiko handiago bat du albo batean ainguratuta eta gurpil aulkientzako seinaleztatutako espazio bat. Bankuek beso euskarriak dituzte, erabiltzaileak erosoago egon daitezen. Euskarri iskiatikoa eta bankua altzairu herdoilgaitzekoak dira. Halaber, ingurumena gehiago errespetatzen da, %100ean birziklagarriak diren materialez eginda deaudelako eta led teknologia dutelako, kontsumo txikiko lanparekin.

Euriaren ura kentzeko bidea ere hobetu da, erreten baten bidez. Erreten hori ez da ikusten metalezko egituran sartuta baitago. Zur laminatuz egindako egiturak tratamendu berezia du onddoen eta intsektuen agerpena ekiditeko.