Bizkaiko Aldundia eta Bilboko Merkataritza Ganbera Kolonbiako bidaia agentzia handizkari nagusiarekin bildu dira

Bizkaiko ordezkariak Aviaturrekoekin
Foto: BIZKAIMEDIA
Actualizado: martes, 24 febrero 2015 12:40
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

   Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Merkataritza Ganbera Aviatur Kolonbiako bidaia agentzia handizkari nagusiarekin bildu dira Bogotan. Herrialde latinoamerikarreko merkatu igortzailearen %50 ordezkatzen du Aviaturrek.

   Turismo eta Kanpo Sustapenerako zuzendari Gabino Martinez de Arenazak Bilbo-Bizkaiak norako turistiko moduan eskaintzen dituen aukeren berri eman dio Aviatur taldeko arduradun Jean Claude Bessudori. Bilbok eta Bizkaiak hartuko dituzten hurrengo ekitaldiak eta bertako ostalaritzako azpiegiturak, gastronomia eta kultur eskaintza izan dira topaketaren protagonistak.

   Bizkaiko Aldundiak jakinarazi duenez, Kolonbiako "erreferentziazko enpresarietako bat" da Bessudo, eta topaketaren helburua Bilbo-Bizkaia Aviaturrek kudeatutako nazioarteko turismo eskaintza zabalean sartzea izan da. Jean Claude Bessudok adierazitakoaren arabera, "Bilbo oso toki interesgarria da", eta agentzia handizkariak kudeatzen dituen Europako hirietako helmugen artean sartzeko konpromisoa hartu du.

   Aviaturrekin bildu aurretik, enpresa eta erakundeetako ordezkariek "Kolonbian negozioak egiteko gomendioak" topaketan parte hartu dute. Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak ez ezik, Rafael Kutz Eusko Jaurlaritzak Txile, Peru eta Kolonbian duen ordezkariak eta Rafael Amann enpresariak ere hitz egin dute.

   Topaketa horretan, Bizkaiko 30 ETE eta bi kluster (Uniport eta Aclima) bildu dituen enpresa misioak bere laneko agenda ireki du Bogotan, Medellinen egonaldia egin ondoren. Kolonbian negozioak ezartzean esperientzia duten enpresariek beraiek bizi izandako esperientzia kontatu dute, baita lehenago emandako pausoak ere. Aurkezpenean gogorarazi dutenez, "munduko konpainia onenak lehiatzen diren" merkatua da eta horretara ireki nahi duten ETEentzako gomendioak eman dituzte.

   Pradalesek ziurtatu du Bizkaiko enpresek "erakundeen babesa" izango dute nazioarteratzeko, "zaila baina beharrezkoa den bidea" baita. Topaketan izan diren adituek gutxienez urtebeteko epea kalkulatu dute Kolonbian "enpresa hurbilketa" egiteko eta beste bat negozio plana garatzen hasteko. "Ez da merkatu erraza eta irisgarria, pazientzia behar da eta herrialdea ezagutu behar da. Hala ere, esan beharra dago Kolonbian sozietateak eratzeko izapidetzea erraza dela eta segurtasun juridikoa eskaintzen duela, eta bi elementu horiek saiatzeko gogoa ematen dute", gogorarazi dute.

KOLONBIAKO GOBERNUA

   Arratsaldean erakunde misioa Komunikazioen Ministeriora joan da, Informaziorako Teknologia eta Sistemen ministrorde María Isabel Mejía Jaramillorekin biltzera. Mejía Jaramillok eta Imanol Pradalesek bi administrazioen esperientzia alderatu dute bileran.

   Jose Manuel Santos Kolonbiako presidentearen apustu pertsonala da Informaziorako Teknologia eta Sistemen Ministeriordetza, software, ekipoak eta sareak modu erabakigarrian bultzatzeko. Bere helburuen artean dago IKTetan prestakuntza izan duen nazioarteko giza kapitala erakartzea. Herrialde latinoamerikarraren geografia eta gizartea konplexuak dira eta horrek ahalmen handiko konexioak zabaltzea zailtzen du.

   Imanol Pradales eta Mikel Arieta-Araunabeñarekin batera, ondorengoek osatzen dute erakundeen ordezkaritza: Gorka Estebez Mendizabal, Enpresa Sustapeneko foru zuzendaria; Gabino Martinez de Arenaza, Turismorako eta Kanpo Sustapenerako arduraduna; eta José Luis Gil, Merkataritza Ganberako Nazioarteratze Ataleko zuzendariordea.

   Merkataritza misioa osatzen duten Bizkaiko 30 enpresa txiki eta ertainek eta bi klusterrek (Uniport eta Aclima) eraikuntzarako ekipamendua, osagai elektrikoak, logistika, uren kudeaketa, altzairua edo bioteknologia moduko sektoreak ordezkatzen dituzte.