Bizkaiko Aldundiak Euskaraldiko hamaikakoa aurkeztu du

Euskaraldiarekiko konpromisoa azaldu du Bizkaiko Aldundiak
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: martes, 16 octubre 2018 12:08

BILBO, 16 (EUREPA PRESS)

Bizkaiko Foru Aldundiak Euskaraldia ekimenean parte hartzeko konpromisoa agertu du, eta azaroaren 23tik abenduaren 3ra gauzatuko den dinamikako bere hamaikakoa aurkeztu du astearte honetan, Foru Jauregian egindako ekitaldian.

Unai Rementeria ahaldun nagusiak, Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako foru diputatuak, Ana de Castro Euskarako zuzendari nagusiak, Andoni Aldekoa Euskalduna jauregiko gerenteak, Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederretako Museoko zuzendariak, Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao Museoko zuzendariak, Sorkunde Aiarza Euskal Museoko zuzendariak, Ibon Aranbarri Bilbao Orkestra Sinfonikoko (BOS) zuzendari nagusiak, Euskara Zerbitzuko zenbait langilek, foru erakundeko administrazio ataletan euskaraz lan egiteko mikroplanetan parte hartzen duten zenbait langilek eta Euskara Bizia Batzordeko kideek opsatu dute Bizkaiko Aldundiko hamaikakoa.

Ekitaldian gogoratu dutenez, Euskaraldia Euskal Herri osoan egingo da eta Bizkaiko Foru Aldundia erakunde sustatzaileetako bat da, Eusko Jaurlaritzarekin, Araba eta Gipuzkoako aldundiarekin, Topagunearekin, Nafarroako Gobernuarekin, Euskararen Erakunde Publikoarekin, Euskal Hirigune Elkargoarekin, Eudelekin, UEMArekin, UEUrekin eta beste hainbat elkarte eta fundaziorekin batera.

Horrela, ekimena aurkeztu zenetik, Bizkaiko Foru Aldundiak hainbat ekintza landu ditu Euskaraldia Bizkaia osoan zehar hedatu eta sustatzeko eta erakundeko langileen artean zabaltzeko. Hain zuzen, Alkarbide bilgunearen bidez Bizkaiko udal eta mankomunitateetako euskara zerbitzuekin landu da ekimena, euskara sustatzeko diru-laguntza deialdietan ere kontuan hartu da, eta Bizkaiko Aldundiko langileekin ere garatu da, informazioa zabalduz eta ekimenean parte hartzera gonbidatuz eta animatuz.

Oraingoan, Bizkaiko Foru Aldundiak hamaikako taldea eratu eta aurkeztu du, bizkaitarren eta foru erakundeko langileen artean ekimena zabaldu eta euskararen erabilera errazten laguntzeko Euskaraldia izango den 11 egunetan. "Hamaikako talde hau Euskaraldia sustatzeko eta bultzatzeko tresna garrantzitsua izango da eta, horregatik, erakundeko ordezkariekin, Bizkaiko eragile esanguratsuekin eta langileekin osatu da", azaldu dute.