Bizkaiko Aldundiko telefono bidezko arreta emateko zerbitzuak 594.000 dei jaso zituen iaz

Elena Unzueta foru bozeramailea
BIZKAIMEDIA
Actualizado: martes, 23 febrero 2016 14:18

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

   Bizkaiko Foru Aldundiko telefono bidezko arreta emateko zerbitzuak 594.012 dei hartu zituen 2015. urtean, urrekoan baino %5 gehiago. Batez beste 11.400 dei jaso zituen astean, eta, hizkuntzari dagokionez, kontsulten %7 besterik ez ziren euskaraz egin, Elena Unzueta foru erakundeko bozeramaileak astearte honetan jakinarazi duenez.

   Ogasunaren, gizarte ekintzaren, Bizkaibusen, kulturaren eta ekonomiaren sustapenaren inguruko gaien ingurukoak izan ziren kontsulta gehienak. Ogasun eta Finantza Sailari dagozkion kontsultak guztien %71 izan ziren (424.285 dei); horietatik %7ri auomatikoki eman zitzaien arreta, errentaren kanpainak iraun zuen hilabeteetarako gaitutako zerbitzu berezien bitartez. Zerbitzu berezi horiei esker, eguneko 24 orduetan eskaini zen arreta, asteko zazpi egunetan. Atal horretako dei gehienak aholkulari bulegoek, langile autonomoek eta gizabanakoek egin zituzten; gizabanakoek errentaren kanpainan zehar deitu zuten batez ere.

   Horien atzetik, Bizkaibusen inguruko kontsultak izan ziren deien %13 eta gizarte ekintzaren ingurukoak %12. Azken kasu horretan, Gizarte Ekintza Sailak kudeatzen dituen zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsonen senideek deitu zuten batez ere. Enpresek eta gizabanakoek egindako informazio eskaerak %3 izan ziren, eta ekonomiaren sustapenari buruzko gaien inguruan galdetu zuten batez ere. Gainerako %1 kulturaren alorreko kontsultak izan ziren, gehienbat Udalekuak programan interesa duten edo erabiltzen duten pertsonek egindakoak.

   Azken inkestan ikus daitekeenez, herritarrek 7,67ko batez besteko nota jarri diote Bizkaiko Foru Aldundiaren telefono bidezko arreta emateko zerbitzuari. Gehien baloratu diren alderdien artean daude informazioa tratatzeko eta transmititzeko konfidentzialtasuna (8,48), operadoreek emandako tratua eta erakutsitako interesa (8,08) eta informazioa aurkitzeko erraztasuna (7,99).

EREDU BERRIA

   Unzuetak azaldu du bide telefonikoa izango dela Bizkaiko Foru Aldundia herritarrei arreta eskaintzeko diseinatzen ari den eredu berriaren funtsezko ardatzetako bat. Bizkaia Goazen 2030 ekimenaren baitan sartzen da Gertu programa eta, haren bitartez, Aldundiak herritarren eta Foru Administrazioaren arteko harremana hobea izateko arreta zerbitzua ezarri nahi du.

   Hala, Bizkaiko Foru Aldundiko arreta emateko zerbitzuak komunikatzeko hainbat bide eskainiko dizkie herritarrei, kudeaketa lanak bide presentzialen bidez (arreta emateko bulegoak), telematikoki zein telefono bidez egin ahal izan ditzaten.

   Modu integralean funtzionatuko dute bide guztiek eta herritarrek beren kudeaketa lanak erosoen egiteko bidea aukeratu ahalko dute, egoeraren arabera. "Horri guztiari esker, herritar bakoitzak Aldundiarekin dituen harremanen 360 graduko ikuspegia izango dute foru langileek eta zerbitzua pertsonalagoa eta kalitate handiagokoa izango da", azaldu du.