BPG %1,2 eta enplegua %2,1 jaitsi ziren Euskadin 2013. urtean

Actualizado 2014/02/13 18:39:25 CET

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Barne Produktu Gordinak (BPG) %1,2 jaitsi zen 2013. urtean, eta enpleguak ere murrizketa izan zuen, %2,1ekoa, hain zuzen ere, Eustatek landutako datuen arabera.

   BGPri dagokionez, lau adar handietan murriztu zen jarduera. Horrela, Lehen sektorean %6,1 jaitsi zen, eta Eraikuntzan %5,0, Industrian %1,9ko murrizketa izan zen, balio erantsian, neurri handian manufaktura industriaren pisuaren eraginez.

   Zerbitzuetan %0,6ko jaitsiera izan zen. Arrazoiak merkataritza, ostalaritza eta garraio sektorearen bilakaera negatiboa (%-1,4) eta administrazio publikoa, hezkuntza eta osasugintzaren beherakada izan ziren, 2012ko %0,4ko hazkundetik 2013ko %-0,3ra igaro baitzen. Gainerako zerbitzuetan %0,2ko jaitsiera izan zen.

   Bestalde, 2013. urtean zehar, zerga garbien eragina produktuen gainean negatiboa (%-0,7) izan zen, eta barne eskaria %1,5 murriztu zen. Halaber, BPG %1,2 jaitsi zenez urte artean, 2013ko kanpo saldoaren ekarpena positiboa izan zen.

   Familia etxeetako azken kontsumoaren gastua %1,0 murriztu zen, eta Administrazio publikoena %1,3. Guztira, azken kontsumoa %1,0 murriztu zen. Kapital eraketa gordinak barne eskariaren profil negatiboena erakutsi zuen, bi osagaien bilakaera negatiboa izan baitzen, eta 2013an %3,2 jaitsi zen.

   Enpleguaren bilakaera, dedikazio osoko baliokidetzako lanpostuetan neurturik, negatiboa izan zen, 2013ko jaitsiera zenbatetsia %2,1koa izanik batez beste. Horrela, ia 19.000 lanpostu garbi galdu ziren. Enplegua sektore guztietan gutxitu zen, hau da, Zerbitzuetan (%-0,5), Lehen sektorean (%-3,7), Industrian (%-4,3) eta, bereziki, Eraikuntzan (%-10,8).

   EAEko hiru lurraldeetako BPG murriztu egin zen 2013. urtean, Araban %1,4 eta Bizkaian eta Gipuzkoan %1,1. Modu honetan, hiru lurraldeetan bilakaera negatiboak izan ziren, baina aurreko urtekoak baino txikiagoak.

IAZKO AZKEN HIRUHILEKOA

   Bestalde, Euskadiko BPGk hiruhileko arteko %0,3ko tasa positiboa izan zuen iazko laugarren hiruhilekoan, aurrekoan baino %0,3 hobeto. Aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, berriz, EAEko BPG %0,3 gutxitu zen.

   Eskaintzaren ikuspuntutik BPGren urte arteko murrizketa lau sektore handietako hiruri zor zitzaien. Lehen sektorean, Zerbitzuetan eta, bereziki, Eraikuntzan, jaitsierak izan ziren jardueran, azken bietan aurreko hiruhilekoetan baino txikiagoak. Industrian, aurreneko aldiz segidako zortzi hiruhilekotan jaitsierak izan ondoren, aurreko urtekoari eutsi zion.

   Lehen sektoreak bilakaera negatiboa izan zuen urte artean (%-12,9) eta positiboa hiruhileko artean (%16,3). Industrian, laugarren hiruhilekoan, %0,0ko tasa izan zen, hirugarren hiruhilekoan baino %1,9 hobeto. Urte arteko tasa horrekin, %0,1eko hazkundea izan zen hiruhileko artean, eta hirugarren hiruhilekoz jarraian izan zuen industriak hiruhileko arteko positiboa. Zehazki, manufaktura industriak izan zituen aldakuntza positiboak, urte artean zein hiruhileko artean.

   Eraikuntza %1,2 jaitsi zen urte artean, %-4,0 gutxiago aurreko hiruhilekoan baino. Aurreko hiruhilekoaren aldean %4,5eko hazkundea izan zen, hirugarren hiruhilekoan %-0,2 izan zen bitartean.

   Zerbitzuen jarduera osoak %0,1eko beherakada izan zuen urte artean, eta %0,3koa hiruhileko artean. Urte arteko jaitsiera honla osatu zen: merkataritza, ostalaritza eta garraioan, %-0,6; gainerako zerbitzuetan, %-0,4; eta administrazio publiko, hezkuntza, osasungintza eta gizarte zerbitzuetan, %0,9ko hazkuntza.

   Hiruhileko artean, merkataritza, ostalaritza eta garraioan %0,5eko hazkundea izan zen, familien kontsumoari eragin ziolarik; gainerako zerbitzuetan %0,3 igoera izan zen; eta administrazio publiko, hezkuntza, osasungintza eta gizarte zerbitzuetan %2,4ko jaitsiera.

   Bestalde, balio erantsian %0,3 murrizketa izan zen urte artean, eta aurreko hiruhileko tasaren aldean zortzi hamarren gutxiago jaitsi zen. Urte arteko jaitsiera gutxiagotzeak ekarri zuen %0,3ko hazkundea aurreko hiruhilekoaren aldean, eta hau ez zen gertatu aurreko bederatzi hiruhilekoetan.

   Eskariaren ikuspuntutik, aurreko hiruhilekoan bezala baina askoz apalago, barne eskariaren bilakaera negatiboa eta kanpo sektorearen bilakaera positiboa izan ziren BPGren hazkundearekiko. Ondasun eta zerbitzuen esportazio eta inportazioen urte artekoak positiboak izan ziren, baina aurreko hiruhilekoan baino apalagoak.

KONTSUMOA

   Familia etxeetako azken kontsumoko gastua (kontsumo pribatua) %0,1 murriztu zen urte artean, eta jaitsiera hori %1,2 txikiagoa da aurreko hiruhilekoaren aldean. Urteko hirugarren hiruhilekoaren aldean, aldiz, kontsumo pribatua %0,4 hazi zen.

   Kontsumo publikoan (administrazio publikoen azken kontsumoko gastua) aldakuntza negatiboak izan ziren, hirugarren hiruhilekoan baino zertxobait handiagoak: urte artean %2,3koa eta hiruhileko artean %1,9koa.

   Administrazio publikoen eta familia etxeen azken kontsumo gastuak baturik azken kontsumo gastuaren %0,6ko jaitsiera eragin zuten urte artean, eta aurreko hiruhilekoaren aldean %0,1ekoa.

   Kapital eraketa gordinean (inbertsioa) jaitsiera izan zen berriz urte artean (%-0,3), baina aurreko hiruhilekoan (%-3,8) baino txikiagoa. Urte arteko jaitsiera erritmoa apaltzeak %0,7ko hiruhileko arteko hazkundea ekarri zuen, bigarrenez jarraian.

   Urte artean ekipo ondasunekin lotutako kapital eraketa gordinean %0,1ko igoera izan zen, aurreko hiruhileko urte artekoaren aldean baino %0,9 hobeto. Gainerako inbertsioak, eraikuntzarekin lotuak, %0,5ko murrizketa izan zuen urte artean, eta, aurreko hiruhilekoan %-5,1 zenez, hobera egin du %4,6. Honekin guztiarekin, %1,7ko hiruhileko arteko hazkundea izan zen.

   Barne eskariak (azken kontsumoko gastua gehi kapital eraketa gordina) aldakuntza negatiboa (%-0,5) izan zuen beste behin, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean; murrizketa %1,3 txikiagoa izan zen.

   Kanpo sektoreak berriz ere egin zion ekarpen positiboa BPGren bilakaerari. Horrela, kanpo saldoa positibo egin zuten ondasun eta zerbitzuen esportazioen urte arteko %3,1eko bilakaera positiboak eta inportazioen %2,7koak.

ENPLEGUA

   Bestalde, BPGren bilakaerak behera eragin zion urte arteko enpleguaren mailari iazko azken hiruhilekoan, dedikazio osoko baliokidetzako lanpostuetan neurturik. Horrela, urte artean enplegua %1,0 murriztu zen, eta hiruhileko artean %0,1 igo.

   Aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, Zerbitzuetan izan ezik, enplegua sektore guztietan gutxitu zen. Urte arteko jaitsierarik handienak, Eraikuntzan (%-6,6), Industrian (%-2,9) eta Lehen sektorean (%-1,0) izan ziren, Zerbitzuetan %0,2 igo zen bitartean. Hiruhileko artean, aldiz, Lehen sektorean %3,7ko murrizketa izan zen, eta Industrian %0,1ekoa; Eraikuntzan %1,6 igo zen enplegua, eta Zerbitzuetan egonkor mantendu zen.

   Azkenik, lurraldeetako BPGri begiratuz gero, urte artean Bizkaiak izan zuen jaitsierarik handiena, %0,5ekoa; Araban %0,4 murriztu zen, eta Gipuzkoan egonkor (%0,0). Hiruhileko artean, igoerak izan ziren: Araban %0,5, Gipuzkoan %0,3 eta Bizkaian %0,1.