Cannes eta Berlinale zinemaldietako zuzendariak, Donostian antolatutako mintegi batean

Parte hartzaileetako batzuk
DONOSTIA ZINEMALDIA
Actualizado: viernes, 14 diciembre 2018 12:56

DONOSTIA, 14 (EUROPA PRESS)

Elias Querejeta Zine Eskolak eta Donostia Zinemaldiak Kritika eta Analisi Saioen Mintegia antolatu dute, zine eskolako ikasleei tresnak eta nolabaiteko ikuspuntua emateko asmoz eta, horrela, eskola ondoko ibilbide profesionala zehaztu ahal izateko. Mintegiko parte hartzailean egongo dira Thierry Frémaux Canneseko zinemaldiko zuzendaria eta Carlo Chatrian 2020tik Berlinale zinemaldiko zuzendari artistikoa izango dena.

Antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez, zinemaren industriako hainbat arlotako profesionalek eta adituek parte hartuko dute jardunaldiotan. Ikasleen proiektuetan laguntzeko beren esperientzia ekarriko dute, graduondoko programa amaitu ondoren ikasleek sortuko dituzten proiektuei sendotasun handiagoa emateko.

Mintegia datorren asteartean hasiko da, abenduaren 18an, ikasleentzako lan saio batekin. Bi gai jorratuko dituzte bertan. Batetik, laborategiei eta diru laguntzak ematen dituzten erakunde publiko eta pribatuei ematen zaizkien proiektu dosierrak idazteko eta aurkezteko arrakasta gakoak ikasteko benetako kasuak eta materialak aztertuko dira Javier Martín-ekin; Martín Berlinaleko ordezkaria da Latinoamerikako herrialdeetan, eta Donostia Zinemaldiko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan proiektuak balioztatzen dituen batzordeko kidea.

Horrez gain, Xabier Paya bertsolari, idazle eta irakasleak proiektuak ahoz aurkezten irakatsiko die Elias Querejeta Zine Eskolako ikasleei, ohikoa baita azoka eta jaialdietan profesionalen aurrean proiektu zinematografikoak defendatu behar izatea.

Halaber, datozen asteazken eta ostegunean, abenduaren 19 eta 20an, herritarrei irekitako hitzaldiak izango dira: Thierry Frémaux Lumière Institutuko, Lyongo Lumière jaialdiko eta Canneseko zinemaldiko zuzendariak, Vincent Maraval Wild Bunch eta Insiders konpainietako bazkide sortzaile eta nazioarteko salmenten zuzendariak eta Carlo Chatrian 2020tik Berlinaleko zuzendari artistikoa izango denak zinema jaialdiek industria zinematografikoan eta kulturaren sustapenean duten lekuaz hitz egingo dute.

HITZALDIAK 2019AN

Mintegia osatzeko, zenbait gonbidatuk askotariko gaiak jorratuko dituzte 2019an zehar. Horrela, otsailaren 25ean, Jérôme Paillard Canneseko Marché du Film saileko zuzendari exekutiboak, Matthieu Darras Donostia Zinemaldiak Erdialdeko eta Ekialdeko Europan duen ordezkari eta Torino FilmLab laborategiko zuzendari artistikoak eta Ilse Hughan Hubert Bals Fund funtsaren hautaketa batzordeko kideak hitz egingo dute, eta ikus-entzunezko proiektuen garapena bultzatzen duten zinema azoken, jaialdien eta laborategi berezien rola eta garrantzia izango dituzte hizpide.

Halaber, apirilaren 11n, Domingo Corral (Movistar+ telebista kateko fikzioko zuzendariak eta Chiara Marañón Mubi web atariko programazioko zuzendariak Elias Querejeta Zine Eskola bisitatuko dute, plataforma digital berriez ekoizpenaren eta programazioaren ikuspuntuetatik mintzatzeko.

Egun berean, Rosa Ferré Matadero kulturguneko zuzendariak eta Garbiñe Ortega Punto de Vista jaialdiko zuzendariak zinema zabaldua delakoaren eta pantaila berrien gaiak jorratuko dituzte, bai eta zinema aretoko ikusleei beste aukera batzuk ezagutarazten dizkien arte eta komisariotza praktika horrekin lotutako proiektu guztiak ere.

Azkenik, ekainaren 19an, emakumezko ekoizleen sorkuntzari eskainitako mahai ingurua antolatu da. Esther García El Deseo ekoiztetxeko ekoizle eta bazkide sortzaileak, Leire Apellaniz Sr. y Sra. etxeko ekoizle eta bazkide sortzaileak eta Marian Fernández Txintxua Films ekoiztetxeko ekoizle eta bazkide sortzaileak hartuko dute parte.