Covid-19ak eragindako 15 hildako eta 927 kutsatze berri izan dira EAEn azken astean

Archivo - Basurtuko ospitalea
EUROPA PRESS - Archivo
Actualizado: lunes, 25 octubre 2021 12:52

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

Covid-19ak eraginda 15 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) urriaren 18tik 24ra bitarteko astean, aurrekoan baino zazpi gehiago, eta 927 kutsatze berri aurkitu dira, zazpi egun lehenago baino 180 gehiago.

Osakidetzaren asteroko buletin epidemiologikoan jasotako datuak dira. Astelehen honetan argitaratu da buletina, eta urriaren 18tik 24ra bitarte covid-19ak Euskadin izan duen intzidentziaren berri ematen du.

Modu honetan, epealdi horretan 927 positibo berri erregistratu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aurreko astean baino 180 gehiago. Era berean, azken astean 15 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz, duela astebete baino zazpi gehiago.

Bestalde, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatua 76,10 kasura igo da, aurreko astean baino 12,46 gehiago, eta adierazle bera, azken zazpi egunei dagokienez, 33,96 kasutik 42,14 kasura igaro da.

Halaber, covid-19az infektatutako pertsona batek batez beste zenbat lagun kutsatzen dituen neurtzen duen oinarrizko ugalketa kopuruak behera egin du astebetean, 1,15etik 1,06ra.

LURRALDEAK

Lurraldeka, 14 eguneko intzidentzia metatuarik altuena Gipuzkoari dagokio, 93,14 kasurekin (73,15 aurreko astean). Adierazle hori 71,54 kasukoa da Bizkaia (60,92), eta Arabak du tasarik txikiena, 47,24 kasurekin (46,03).

Udalerriei dagokienez, Arabako Agurain, Bizkaiko Ondarroa eta Gipuzkoako Lazkao eta Urnieta eremu gorrian daude, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatua 400dik gora kasukoa delako.

Azkenik, egoera epidemiologikoari buruzko buletinaren arabera, covid-19ak jotako 81 pertsona daude ospitaleratuta EAEn, zazpi egun lehenago baino 33 gehiago, eta beste 24 zainketa intentsiboetako unitateetan (ZIU) daude, aurreko astean baino bi gutxiago.