Covid-19ak kutsatutako 510 kasu berri eta beste 32 hildako zenbatu dira EAEn

Galdakaoko ospìtalea
EUROPA PRESS
Actualizado: viernes, 3 abril 2020 17:57

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

Covid-19 gaitzak kutsatutako 510 kasu berri errregistratu dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta guztira 7.827 daude, horietatik 1.841 ospitaletan. Gainera, beste 32 pertsona hil dira, eta orotara 444 hildako izan dira osasun krisia hasi zenetik.

Bestalde, ostegunean, apirilaren 2an, 257 pertsonek jaso zuten ospitaleko alta, eta horrela, orain arte 2.809 pertsona dira alta jaso dutenak edota sendatuta daudenak.

Mikel Sanchez Eusko Jaurlaritzako Osasun Planifikazio, Antolamendu eta Ebaluazioko zuzendariak Covid-19aren berri emateko eguneroko prentsaurrekoan jakinarazi duenez, orain arte gaixotasuna detektatzeko 19.627 proba egin dira, eta ostegunean egindakoen %32k soilik eman zuen positibo.

Lurraldeka, Araban 2.447 kasu zenbatu dira (100 gehiago), eta horietatik 313 ospitaletan daude; Bizkaian 4.024 pertsona daude kutsatuta (342 gehiago), 1.193 erietxeratuta, eta Gipuzkoan 1.356 kasu positibo daude (68 gehiago), 335 ospitaletan. Gainera, Araban 176 lagun hil dira orain arte, Bizkaian 205 eta Gipuzkoan 63.

Sanchezek azpimarratu duenez, dudarik gabe, hildakoen kopuru altuak jarraitzen du izaten mundu mailako pandemiaren alderdirik ilunena. Hala ere, ikuspuntu epidemiologikotik, "egonkortze egoera batean" gaudela adierazi du.

Horrela, esan du kutsatuen kopurua gehitu egin dela, baina proben kopuruak ere nabarmen gora egin duen heinean. Osteguna izan zen proba gehien egin zen eguna, 1.576rekin, eta guztira 19.627 proba egin dira orain arte. Ostegunean egindako proben %32k soilik eman zuen positibo.

Halaber, aurreko asteko joera aldatuz, Zainketa Intentsiboen Unitateetako (ZIU) egoera egonkortu egin dela eta ospitalizazioen kopuruak behera egin duela nabarmendu du.

Azkenik, beste egun batez, alta jaso eta osatu diren pertsonen kopurua ere handitu egin dela azpimarratu du. Ostegunean 257 pertsonek jaso zuten ospitaleko alta, eta orain arte, 2.809 pertsona dira alta jaso edota sendatuta daudenak.