Covid-19aren 323 kasu berri izan dira EAEn eta positibo tasa %4,5era igo da

Osasun langile bat.
H.BILBAO-EUROPA PRESS
Actualizado: viernes, 5 marzo 2021 12:37

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

Covid-19 gaitzaren 323 kasu berri aurkitu dituzte ostegunean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), bezperan baino zortzi gutxiago, baina positibo tasa %4,5era igo da. Gainera, 118 gaixo zainketa intentsiboen unitatean daude, aurreko egunean baino sei gutxiago, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostiral honetan emandako datuen arabera.

Zehazkiago, 7.164 test diagnostiko egin dira ostegunean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (4.395 PCR eta 2.769 test antigeno), aurreko egunean baino 2.245 gutxiago, eta horien guztien artetik 323 kutsatze berri aurkitu: 67 Araban, 163 Bizkaian, 88 Gipuzkoan eta bost EAEtik kanpo bizi diren pertsonetan.

Koronabirusaren 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatua 225,03 kasura jaitsi da erkidego osoan (Araban 246,21, Bizkaian 248,55 eta Gipuzkoan 170,45), eta gaitzaren birsorkuntza tasa 0,89ra igo (Araban 0,92, Bizkaian 0,87 eta Gipuzkoan 0,93).

Adin tarteka, 0-18 urteko taldean 80 kasu berri izan dira azken egunean eta intzidentzia tasa 303,22 kasukoa da; 19-39 urteko taldean 77 positibo izan dira (252,94), 40-64 urtekoenean 120 (226,43), 65-79 urtekoenean 29 (129,10) eta 80 urtetik gorakoen artean 17 (156,16).

Hiriburuetako egoerari dagokionez, intzidentzia tasa 272,89 kasukoa da Gasteizen, 266,68koa Bilbon eta 91,56koa Donostian. 5.000 biztanletik gorako udalerrien artean, Bizkaiko Derio eta Gipuzkoako Aretxabaleta eta Onati eremu gorrian daude, 500dik gora kasu dituztelako 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatuan.

Azkenik, ospitaleen egoera hizpide hartuta, koronabirusaren ondorioz 56 pertsona erietxeratu dituzte ostegunean, eta guztira 260 lagun daude ospitaleetan, aurreko egunean baino bi gutxiago. Gainera, gaitza duten 118 pertsona ospitaleko zainketa intentsiboen unitatean daude, bezperan baino sei gutxiago.