Covid-19aren aurkako neurriak hizkuntza gutxituetan iragartzeko Europako Kontseiluaren gomendioa txalotu du Kontseiluak

Agurne Gaubeka eta Paul Bilbao, aurreko agerraldi batean
KONTSEILUA - Archivo
Actualizado: jueves, 26 marzo 2020 12:25

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

Covid-19 koronabirusaren aurkako neurriak hizkuntza gutxituetan komunikatzeko Europako Kontseiluak egin duen gomendioa txalotu du Euskararen Gizarte Erakundeek Kontseiluak, eta administrazio publiko guztiei eskatu die alarma egoerak ezarritako konfinamendu egunotan ere herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko.

Kontseiluak jakitera eman duenez, Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak ohartarazi du herrialdeek ez dituztela sistematikoki partekatu koronabirusaren inguruko informazio eta jarraibideak estatuko hizkuntza ofiziala ez den beste hizkuntzetan, eta hala jakinarazi die ohar baten bidez Europako Kontseiluko estatu kideei.

Are gehiago, Kontseiluaren arabera "Europako Batzordeak adierazi du gomendioak hizkuntza horietan komunikatzea oso garrantzitsua dela eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako hiztunen ongizaterako".

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiarentzat "txalotzekoa" da Europako Kontseilutik heldutako gomendioa. Izan ere, bere hitzetan, "horrelako egoera batean herritarrei helarazi beharreko mezu, ohar eta gomendio guztietan oinarrizkoa da eskubideen bermea egikaritzea. Eta, gurean ere ohartzen ari gara hainbat administraziotatik euskaldunon eskubideei muzin egiten ari zaiela".

Kontseiluko eledunak adierazi du, Hego Euskal Herriari dagokionez, Eskualdeetako edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutuna berretsi zuela Espainiako Estatuak, eta ondorioz, herritarrei begirako informazio guztia estatukoa ez beste hizkuntza ofizialetan helarazi beharko lukeela. "Gogoratu behar dugu oinarrizko eskubidea den osasun asistentzia jokoan dagoela, eta beraz, botere publikoek arreta are handiagoa jarri beharko lukete", adierazi du Bilbaok.

Horrez gain, Europako Kontseiluak kezka agertu du estatu batzuek sareko irakaskuntzara edo telebistaren bidezko irakaskuntzara jo dutenean, irakaskuntza hizkuntzara edo hizkuntza ofizialetara mugatzen dutelako, hezkuntza eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan jaso ohi duten ikasleen beharrak kontuan hartu gabe.

Ikuspegi hori eurogutuneko konpromisoen aurkakotzat eta diskriminatzailetzat ere jo daiteke, Kontseiluaren arabera. "Gurean, Espainiako telebista publikoak hartu du bide hori, eta gaztelania ez beste hizkuntzei ez die inolako tokirik egin", gaineratu du Bilbaok.

Gauzak horrela, Kontseiluak konpromisoa hartu du Europako Adituen Batzordeak egindako eskaera zabaltzeko: "Batzordeak gonbita egin nahi izan die estatuei salbuespenezko osasun krisi honi aurre egiteko politika eta jarraibide berriak prestatzerakoan gurea bezalako hizkuntzak (eta hiztunak) kontuan hartzeko, eta guri dagokigu gomendio hauek publiko egin eta botere publikoei helaraztea".

KEXEN IGOERA

Bestalde, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jakinarazi du herritarren hizkuntza eskubideen urraketen inguruko kexa gehiago jaso dituela. Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariaren arabera, azken egunotako krisi egoeran gora egin du "euskaldunekiko axolababekeriak".

"Hainbat esparrutan gertatzen ari dira urraketak: osasunaren eremuan informazioa gaztelania hutsean jasotzea, segurtasun indarrek herritarrak gaztelaniaz egitera behartzea, langileentzako oharrak gaztelania hutsean, administrazio publikoetako departamentu batzuetatik mezuak gaztelania hutsean. Azpimarratzekoa ere bada Justizia administraziotik abokatuen elkargoetara iristen ari diren zirkularrak gaztelania hutsean daudela. Askotariko kexak izan dira, baina ondorio bakarra: herritarrei ez zaie informazioa euskaraz helarazten" azaldu du.

Hori dela eta, Gaubekak gogorarazi du herritarrek eskuragarri dituztela Behatokiaren Euskararen Telefonoa eta akuilari tresnak, eta eskubideen urraketen aurrean irmo jokatzeko eta tresna horiek erabiltzeko eskatu die.