Cristina Iglesiasen eskultura proiektua burutzeko Santa Klara uharteko itsasargiaren lagapena formalizatu dute

- DONOSTIAKO UDALA

Actualizado: lunes, 2 septiembre 2019 13:38

DONOSTIA, 2 (EUROPA PRESS)

Donostiako Udalak eta Pasaiako Portuak Santa Klara uharteko itsasargia lagatzeko hitzarmena sinatu dute. Donostiako Udalak kudeatuko du itsasargia, Cristina Iglesias eskultoreak toki horretarako prestatzen ari den esku hartze artistikoaren kokalekua izan dadin. Eneko Goia Donostiako alkateak eta Felix Garciandia Pasaiako Portuko lehendakariak sinatu dute akordioa, Donostiako udaletxean, eta, horri esker, laster hasiko dira instalazio artistikoa uhartean jartzeko lanak.

Goia eta Garciandia pozik agertu dira lagapen hitzarmenarekin, eta adierazi dute uste osoa dutela proiektua datorren urtean amaituko dela eta, horri esker, Santa Klara uhartea "nazioarte mailako erreferentzia artistiko eta kulturala" bihurtuko dela.

Pasaiako Portuko Administrazio Kontseiluak uztailaren 30ean egindako bileran erabaki zuen Donostiako Udalari ematea uharteko itsasargiaren emakida. Erabaki bezala, emakidak 30 urte iraungo du, eta beste bost urtez luzatu ahalko da. Hala ere, lursailak eta itsasargiak berak Pasaiako Portuari atxikitako jabari publikoa izaten jarraituko dute.

Itsasargia lagatzeko izapidearen prozesua 2017an hasi zen, Donostiako Udalak eta Cristina Iglesias eskultoreak uharteko faroan esku hartze eskultoriko bat egiteko interesa agertu zuenean. Joan den maiatzean, Pasaiako Portuak baldintzen agiria bidali zion udalari, eta udalbatzak ekainean onartu zuen. Jarraian, uztailaren 30ean, Pasaiako Portuko Administrazio Kontseiluak Donostiako Udalaren aldeko emakida onartu zuen.

Garciandíaren hitzetan, "Pasaiako Portua oso pozik dago honelako proiektu kulturalean parte hartzearekin. Udalak bere proposamena bidali zigunetik, tramitazioarekin hasi ginen Gipuzkoarentzat hain garrantzitsua den artelan hau posible egiteko. Gipuzkoako itsasargien balioa azpimarratzen duen lehenengo ekimena da, eta espero dugu lurraldeko beste itsasargiekin linea honetan pausuak ematea, erabilera osagarriko proposamenekin".

Halaber, Goiak eskerrak eman dizkio Pasaiako Portuari, eta "Donostian erreferente artistiko eta kultural berri bat izateko egin duen ahalegina eta eman dituen erraztasunak" nabarmendu ditu.

HURRENGO LANAK

Onartutako jabari publikoko emakida egiteko baimena onartuta dagoenez, aurki hasiko dira eraikina husteko lanak. Zehazki, irailaren 16tik aurrera hasiko dira lanak, hondartza denboraldia amaituta, eta uhartearen erabiltzaileei eragozpenik ez sortzeko. Ondo bidean, lanok hiru hilabete inguru iraungo dute.

Irailaren azken bi asteetan egokitzapen lanak egingo dira, eta hustuketa urrian hasiko da. Aldi horretan, uharterako sarrera mugatuta egongo da, baina behealdera joatea (kaia eta hondartza), berriz, libre izango da.

Hustuketa fasea plan zorrotz baten arabera egingo da, uhartean ahalik eta eragin txikiena izan dezan. Horrela, obren eta bestelako hondakinen tratamenduak betetze maila handia izango du ingurumena babesteko arauei dagokienez, onartutako planaren arabera.

Gero, hurrengo faseak etorriko dira. Ondo bidean, datorren udazkenean hasiko dira eraikina birgaitzeko lanak, Cristina Iglesias eskultorearen obrarako egokitzearren.