Darponek kargua uzteko "erabaki atzeraezina" hartu eta Urkulluk onartu egin du

Jon Darpón en comisión
PARLAMENTO VASCO - Archivo
Actualizado: jueves, 14 marzo 2019 13:28

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak dimisioa aurkeztu du eta "erabakia atzeraezina" da. Iñigo Urkullu lehendakariak kargu uztea onartu du eta eskerrak eman dizkio eta esker ona adierazi dio Darponi, sei urte hauetan eginiko lanagatik.

Datorren astean Darponen gestioa gaitzetsi behar zuen oposizioak Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, Osakidetzako lan eskaintza publikoan aurkituriko iruzurrengatik, eta oposizioaren gaitzespena onartu behar zuen saioaren aurretik hartu du erabakia Osasun sailburuak.

Osasun Sailak bidalitako prentsa ohar batean, Darponek esan du "ohore handia" izan dela Jaurlaritzan jardun izana azken bi legegintzaldietan, eta eskerrak eman dizkie Osasun Saileko eta Osakidetzako zuzendaritza kargu guztiei. Era berean, profesionalen lana goraipatu du, euskal osasun zerbitzuarekin "konpromisoa duten pertsona kualifikatuena". Adierazi du "harro" sentitzen dela "egunero egiten duten lanagatik" eta babesa erakutsi die.

Halaber, ziurtatu du "ahalegin pertsonal eta profesional guztia" eskaini diola euskal osasun zerbitzuari karguan izan den lehen egunetik, bai eta Jaurlaritzak herritarrei eskaintzen dien Osasun Plan osoa betetzeari ere. Gainera, gogoratu du Osakidetzako 2016-2017ko lan eskaintza publikoaren antolaketaren eta garapenaren inguruko erantzukizun osoa hartu zuela bere gain "lehen egunetik".

"Zortzi hilabete hauetan, zehatz eta gardentasunez jardun du, eta gobernu programako konpromisoak betetzeko elkarlanean jardun du. Agerikoa da aurrera egin dela. Baina, egungo egoera politikoak eta datorren martxoaren 21ean gaitzespeneko legez besteko proposamena aurkeztuko dela egiaztatu izanak dimisioa aurkezteko erabakia ekarri dute", dio Osasun Sailaren oharrak.

Osasun sailburuak eskerrak eman ditu Osasun Sailako taldeak eta Osakidetzak une oro erakutsi dioten konfiantzagatik: "Teknikoki gaikuntza handiko eta giza kalitate handiko talde handia". Halaber, Jaurlaritzako sailburu guztiek emandako babesa eta lankidetza aintzatetsi ditu, "bai arrakastadun uneetan, bai zailtasuneko uneetan". Bukatzeko, eskerrak eman ditu, bereziki, Urkulluren konfiantzagatik, une oro erakutsi baitizkio "estimua, errespetua eta begirunea".