Desgaitasuna duten emakumeen errealitatea berdintasun politiketan satzeko esperientzia aurkeztu du Emakundek Istanbulen

- IREKIA

Actualizado: miércoles, 11 septiembre 2019 12:43

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Biztanleriaren Funtsak antolatutako 'Leaving no-one behind: Ensuring rights for women and young people with disabilities' izeneko topaketan izan da Emakunde emakumearen euskal erakundeko zuzendari Izaskun Landaida, Istanbulen, eta desgaitasunen bat duten emakumeen errealitatea berdintasun politiketan txertatzeko euskal esperientzia azaldu du bertan.

Desgaitasunen bat duten emakumeen eta pertsona gazteen eskubideak zelan bermatu aztertzeko helburuarekin antolatu da topaketa, eta nazioarteko erakunde eta adituak bildu ditu, Eusko Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez.

Bere agerraldian, Landaidak azaldu du berdintasun politiketan urteak aurrera egin ahala gero eta argiago eta indartsuago agertu direla desgaitasuna duten emakumeen baldintzak, bereziki Emakume eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legea onartu zenetik, eta ondorengo Berdintasun planetan. Berdintasun Legearekin batera neurri zehatzak txertatu ziren botere publikoek diskriminazio bikoitza jasaten duten emakumeen eskubideak bermatu ahal izateko.

Emakundeko zuzendariak azpimarratu du urte hauetan desgaitasunaren ikuspegia txertatzen joan dela genero eragina neurtzen duten txostenetan, emakume eta gizonen egoerari buruzko zifren txostenetan, estatistiketan, diru laguntzetan eta indarkeriaren alorreko baliabideetan.

Horrekin batera azaldu du emakumeak artatzen dituzten erakunde guztien topagune den erakunde arteko batzordeak bere lan esparruan ikuspegi hirukoitza duela, giza eskubideak, generoa eta desgaitasuna kontuan hartzen dituena. Era honetara, indarkeria jasan duten emakumeak artatzeko zerbitzu guztiak emakume guztientzat pentsatuak daude, desgaitasunen bat dutenak ere kontuan hartuz.

Halaber, gai honen inguruan Emakundek azken urteetan argitaratutako gidak aipatu ditu Landaidak, bai eta indarkeria jasan duten emakumeak artatzen dituzten profesionalei zuzendutako Jabetuz prestakuntza programa ere, desgaitasuna duten emakumeak artatzeko unitate didaktikoa duelako.

Bestetik, Emakundeko zuzendariak bilera izan du UN Emakumeak erakundeko Ekialdeko Europako eta Asiako zuzendariekin. Bileraren helburua izan da elkarlana sustatzea emakumeen kontrako indarkeria, soldata arraila edota Pekineko plataformaren 25. urteurrenerako lanen inguruan, besteak beste.