Donostia 2016k kultur programa aurkeztu du Londreseko World Travel Market azokan

Donostia 2016ko ordezkaritza Londresen
DSS2016
Actualizado: martes, 3 noviembre 2015 17:19

DONOSTIA, 3 (EUROPA PRESS)

   Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak kultur programa aurkeztu du astearte honetan Londreseko World Travel Market (WTM) turismo azokaren baitan. Astelehenean zabaldu eta ostegunera arte iraungo duen WTM munduko bigarren turismo azoka profesional garrantzitsuena da, eta aurten 5.000 erakusle, 186 herrialde eta 50.000 partaidetik gora izango ditu.

   Euskadi/Basque Countryren standean egindako aurkezpenean, 30 komunikabideren aurrean, Eneko Goia Donostiako alkateak azpimarratu du badagoela zerbait Donostia -eta Euskal Herri osoa ere- beste hiri eta lurraldeetatik "desberdin egiten duena", eta zerbait hori "bere hizkuntza, euskara, eta bere kultura" dela, "bere identitatea, alegia".

   Halaber, WTMn egindako aurkezpen berean, Pablo Berastegui Donostia 2016ko zuzendari orokorrak nabarmendu du DSS2016EUren mamia "kulturaren bidez elkarrekin hobeto bizitzea" dela, eta proiektuaren helburua dela "gure esperientzia erabilgarria izatea elkarbizitza eta kohesio arazoak dituzten Europako beste hiri eta komunitateentzat".

   Londreseko aurkezpenaren ondoren, DSS2016EU Europako toki ugaritara joango da proiektua zertan datzan azaltzera eta programazioaren gehiengoa ezagutzera ematera. Horretarako dozena bat nazioarteko aurkezpenek osatutako agenda bat prestatu du, 2015eko azaroan hasi eta 2016ko martxora arte iraungo duena, eta Bartzelona, Brusela, Bordele, Pilsen, Madrid, Wroclaw eta Berlin bezalako hirietara bisitak barne hartuko dituena. Aurkezpen sorta horrez gain, egutegiari beste hitzordu batzuk gaineratzeko asmoa dago, aurrerago iragarriko den moduan.