Donostia Ospitaleak azken belaunaldiko erresonantzia magnetikoko ekipamendu berria dauka

Urkullu eta Osasuneko arduradunak, Donostia Ospitalean
Foto: IREKIA
Actualizado: viernes, 20 febrero 2015 12:27
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 20 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu, Osasun sailburu Jon Darpón eta Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberria Donostia Unibertsitate Ospitalean izan dira ostiral honetan, Osatek sozietate publikoak eskuratutako azken belaunaldiko erresonantzia magnetikoaren ekipamendu berria bisitatzen. Goi mailako prestazioak dituen ekipamendua da eta, horrela, Gipuzkoa "irudi bidezko diagnostikoaren modalitate honen abangoardian egongo da", bisitan nabarmendu dutenez.

   Osatek sozietateak eskuratutako erresonantzia magnetikoaren unitatearen bidez (digitalizazio sistema berritzaileari esker), orain artekoak baino kalitate handiagoko irudiak lor daitezke denbora tarte laburragoan. Hori dela eta, osasun arloko profesionalek beren ikerketen kalitatea hobetu ahal izango dute hainbat arlotan, hala nola neurologian, traumatologian, patologia pelbiko eta abdominalean, sistema kardiobaskularrean eta gorputzeko beste atal batzuetan.

   Ondorioz, diagnostiko hobea emango da, eta horrek esan nahi du aurrerapen bat dela gaixotasun neurodegeneratiboen erako patologiak fase goiztiarragoan detektatzeari edo diagnostiko goiztiarreko zehaztapena areagotzeari edo tumoreen jarraipenari dagokionez. Ekipamendu berriaren irudi eta txosten diagnostikoak Historia Kliniko Elektroniko Digitalean sartuko dira, eta bertan, hainbat espezialitatetako mediku fakultatiboek kontsultatu ahal izango dituzte, baita pazienteek ere, Osakidetzako Atariko Osasunaren Karpetaren bidez.

   Tresna moderno hau ezartzeko egin den inbertsioa 1.345.507 eurokoa  izan da, eta aurreikusten da urtean 10.000 pazienteri arreta emango diela, goizeko 07:00etatik gaueko 23:00etara bitarteko etengabeko ordutegian, asteko egun guztietan.

   Osatek Osasun Sailaren mendeko Eusko Jaurlaritzako sozietate publikoa da. 1992. urtean sortu zen eta irudi bidezko diagnostikoaren sektoreko erreferente eta osasun esparruko antolamendu eredu bihurtu da.

   Sortu zenetik, Osatek sozietateak 1.200.000 paziente baino gehiagoren diagnostikoa egiten lagundu du erresonantzia magnetikoaren bidez, Euskadin sektoreko lider bihurtuz. Erresonantzia magnetikoko aplikazio berriak martxan jartzen aitzindaria izan da Osatek, besteak beste, 3Dko angiografia kontrastatua, kolangiopankreatografia eta garuneko perfusioa.

   Osatek sozietatearen jarduera nagusiak puntako teknologiaren irudi bidezko diagnostikoaren zerbitzuak kudeatzera, administratzera eta ustiatzera bideratzen dira. Horrez gain, euskal osasun politika globalaren esparruan ikerketan eta irakaskuntzan ere jarduten du.

EZAUGARRI TEKNIKOAK

   Erresonantzia magnetikoa gorputzeko egituren irudiak produzitzeko, eremu magnetiko bat, irrati uhinak eta sistema informatiko bat erabiltzen dituen teknika bat da. Horrela, irudi horien bidez, espezialistek diagnostikoak egin ditzakete. Zehazki, erresonantzia magnetikoak sentsibilitate berezia du ehun delikatuak, esaterako, garuna edo bihotza aztertzeko.

   Ekipamendu berriak tunel laburragoa eta zabalagoa du. Hori dela eta, gorputz handiko pazienteak edo klaustrofobia duten pazienteak errazago azter daitezke. 1.5 teslako (sistema mota hauetarako erabiltzen den eremu intentsitatea neurtzen duen unitatea) iman supereroale bat eta mugagabeko kanalak ditu, baita aurreko ekipamenduek baino potentzia handiagoko gradienteen sistema bat ere.

   Irudia eskuratzeko sistema berritzaile bat duenez, irudia ordenagailuan digitalizatu beharrean, antenan bertan digitalizatzen da. Ondorioz, seinale gehiago eduki daiteke, %40raino, eta horri esker, azterketa azkarragoak eta kalitate handiagokoak egin daitezke. Hobekuntza hori sistema muskulu eskeletiko, abdomeneko, pelbiseko, bularreko, nerbio sistema nagusiko eta aparatu kardiobaskularreko azterketa guztietan aplika daiteke.

   Erresonantzia magnetiko berriak orain artekoak baino egitura txikiagoak zehaztasun handiagoarekin argitu ahal izango ditu. Sistema berriarekin lortzen den irudiak goi mailako bereizmena du, kalitate handiagoa du eta garbiagoa zein osoagoa da. Gainera, azken teknologia du teknika aurreratuenak egin ahal izateko alor hauetan: espektrokospian, difusioan, garuneko zein bihotzeko azterketa funtzionaletan, bularreko, prostatako eta gainerako organoetako tumoreen perfusio azterketan.

   Halaber, ekipamendu berriaren bidez, irudiak denbora tarte laburragoan eskuratuko dira, eta hori onuragarria da bai gaixoarentzat (azterketa luzeak eta haien ondoriozko estresa saihestu ahal izango ditu) bai zerbitzuaren antolamendurako; izan ere, paziente kopuru handiagoari eman ahal izango zaio arreta.