Donostia Zinemaldiaren lehen urteetako "beste begirada batzuk" dituen erakusketa ireki dute

Erakusketan bildutako argazkietako bat.
DONOSTIA ZINEMALDIA
Actualizado: miércoles, 24 febrero 2021 13:27

DONOSTIA, 24 (EUROPA PRESS)

Donostia Zinemaldiak, Kutxa Fundazioak eta Elias Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatu duten 'Lehen Urratsak. Beste begirada batzuk Donostia Zinemaldiaren historia bisualari (1953-1970)' erakusketa inauguratu dute asteazken honetan Kutxa Kultur Plaza aretoan, Tabakalerako laugarren solairuan, Donostian. 50 urtetik gorako 30 irudi biltzen ditu, Zinemaldiaren argazki funtsetatik eta Kutxatekako bildumatik ateratakoak.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 'Zinemaldia 70: historia posible guztiak (Z70)' proiektuko lantaldeak egin ditu erakusketaren komisario lanak, Pablo La Parra Pérez-ek zuzenduta. Z70 proiektuak 2020an ekin zion Zinemaldiaren argazki ondarea lantzeari, bi lan ildotan: Zinemaldiko artxiboaren argazki funtsa kontserbatzea, katalogatzea eta ikertzea, eta Kutxatekaren bildumako funtsak aztertzea eta katalogazioa hobetzea. Erakusketa da oraindik abian den lan horren lehen emaitza publikoa.

Alde batetik, erakusketak emakumeetan jartzen du arreta, baina izarren ohiko iruditik haratago doa: Zinemaldian parte hartu zuten emakumeak aurkezten ditu, komunikabideen begiradatik urrun egon zirenak edota zinemaren historia ezarrian bazterrean utzitakoak, hala nola zuzendari edo gidoilari lanetan aritutakoak edo langileak berak. Adibidez, erakusketan jaso dira Sail Ofizialean lehiatu ziren emakumezko lehen hiru zuzendarien argazkiak: Julia Solntseva (1965), Tatiana Lioznova (1966) eta Judit Elek (1969).

Izar zinematografikoak eraiki eta komunikabideen kontsumo eta miresmen objektu bihurtzeko mekanismoak ere aztertzen ditu erakusketak. Adibide paradigmatiko gisa, aztertzen da komunikabideek nola eraiki zuten Marisolen rola Pepa Floresekin, Donostian 1960an lehen aldiz agertu zenetik, 12 urte baino ez zituenean, hurrengo urteetan izar ospetsu gisa egin zituen agerraldietara arte.

HERRITARREN IKUSMINA ETA ELITISMOA

Bestalde, 'Lehen Urratsak. Beste begirada batzuk Donostia Zinemaldiaren historia bisualari (1953-1970)' erakusketak beste tentsio puntu bat ere aztertzen du: herritarren artean Zinemaldiak sortzen zuen ikusminaren eta ekitaldi ofizial gehienen esklusibotasun eta elitismoaren artekoa, alfonbra gorriaz haratagoko mundua erakusten duten argazki batzuen bidez.

Era berean, Zinemaldiaren alderdi instituzionalenak erakusten ditu, bai eta diktadura frankistak egiten zuen erabilpena ere, erregimenaren nazioarteko erakustoki bezala erabiltzen baitzuen; esate baterako, Carmen Polo eta erregimenaren beste handiki batzuk Zinemaldian erakusten dituzten irudiak, agintari zibil eta militarren presentzia ekitaldi ofizialetan, baina baita askatasunerako zirrikitu batzuk ere, hala nola Astorian 1968an egin zen 'Ama Lur' filmaren proiekzio ospetsua.

Erakusketa asteazken honetan inauguratu da, eta apirilaren 25era bitarte egongo da zabalik. 09:00etatik 21:00etara egongo da irekita astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 22:00etara larunbatetan eta 10:00etatik 21:00etara igandeetan.