Donostiako Mintzalaguna egitasmoan izena emateko epea urriaren 21ean amaituko da

Publicado: domingo, 14 octubre 2018 10:51

DONOSTIA, 14 Oct. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Mintzalaguna egitasmoan parte hartzeko izena emateko epea urriaren 21ean bukatuko da. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Bagera euskara elkarteak lortutako akordioari esker, 25 euro ordaindu behar dute soilik praktika behar duten parte hartzaileek. Euskaraz aritzeko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna lortu nahi duten euskara ikasleei zuzenduta dago egitasmoa, "eta berebiziko garrantzia du ezagutzatik erabilerarako jauzia emateko", bere arduradunek adierazi dutenez.

Egitasmoan izena emateko bide nagusia Bagera elkartearen www.bagera.eus webgunea da. Horrez gain, elkartearen egoitzan bertan (Hernani kaleko 15 zenbakian) edota 943 00 50 74 telefono zenbakian ere egin daiteke izen-ematea.

Mintzalaguna egitasmoan euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak eta hitz egiteko ohitura eta aukera ez dutenekin elkartzen dira, gutxienez astean behin, norberaren ordutegira egokituta. Hiru edo lau laguneko taldeak izaten dira normalean. Horrez gain, hilean behin, taldeko jarduerak antolatzen dira mintzalagun guztientzat (irteerak, bisita gidatuak eta abar), eta astero parte hartzaile guztiek Donostian euskaraz egiten diren jardueren agenda jasotzen dute. Euskarazko komunikabideetan ere beherapenak dituzte mintzalagunek.

Mintzalaguna egitasmoa duela 25 urte sortu zuen Bagera elkarteak, eta geroztik, Donostian, pertsona asko aritu da euskaraz berriketan asteroko hitzorduetan Donostiako kaleetan. Donostian ez ezik, Euskal Herriko 120 herri eta hirietan ere zabaldu da egitasmoa, eta azken ikasturtean 7.500 mintzalagun aritu dira Euskal Herri osoan.

Gainera, aurtengo ikasturtean aukera bikaina izango da taldetik kalerako jauzia emateko, Euskaraldia dinamikari esker. "Azaroaren 23tik abenduaren 3ra beste milaka belarriprest eta ahobizirekin batera elkartuko gara, euskaltzale guztiok batuko gaituen erronka batean. 11 egunez, euskaraz arituko da Euskal Herria. Herri, auzo, familia, lantegi askotan euskaraz aritzen hasteko lehen pausoa izango da. Jauzi handi bat emango dugu elkarrekin, euskaraz bizitzeko", adierazi dute.

GURASOLAGUNA

Bestalde, ikastetxeekin elkarlanean, Gurasolaguna mintzalagunaren aldaera eskainiko da Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren laguntzari esker. Gurasolaguna aldaeran ikastetxe bereko gurasoekin osatuko dira mintza taldeak.

Bereziki, haur hezkuntza eta lehen hezkuntzako lehen zikloko gurasoei eskainitako aldaera da, izan ere, batez ere adin horretako haurren gurasoek egiten duten ahaleginak berebiziko garrantzia du familiaren hizkuntza ohituretan.