Donostiako Udalak 10.000 euro banatuko ditu establezimenduen errotulazioa euskalduntzeko

Donostia.
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: jueves, 18 febrero 2021 13:00

DONOSTIA, 18 (EUROPA PRESS)

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak hiriko establezimenduen barruko zein kanpoko errotulazioa euskalduntzeagatik dirulaguntzak emango ditu aurten ere. Guztira, 10.000 euro banatuko dira, eta dirulaguntza eskaerak dirua agortu arte onartuko dira.

Donostian euskararen normalizazio prozesua bideratzeko, establezimenduen hizkuntza paisaia euskalduntzea "lehentasunezkotzat" jotzen du Euskara Zerbitzuak. "Hiriko establezimenduen hizkuntza paisaiaren euskalduntzean pausoak ematea beharrezkoa da eta neurri horrek arlo sozioekonomikoan euskararen presentzia eta erabilera sustatzen lagunduko du", ziurtatu du.

Horrela, errotulazioak euskalduntzeko dirulaguntzak eskatzeko, www.donostiaeuskaraz.eus/merkatari eta www.donostia.eus web orrietan eskuragarri dago eskaera orria, baita Euskara Zerbitzuan bertan ere (Konstituzio plaza, 2 behea).

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuarentzat "lehentasunezkoa" da hiriko merkataritzan, ostalaritzan eta beste zerbitzu batzuk eskaintzen dituzten establezimenduetan euskarak gero eta presentzia handiagoa izatea.

Horregatik, hizkuntza paisaia euskalduntzeko dirulaguntzak izateaz gain, 'Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz' egitasmoa ere martxan du. Horren helburu nagusia da establezimenduek zerbitzu hobea ematea eta bezeroak hizkuntza eskubideak bermatuta izatea.

Gauzak horrela, egitasmoan parte hartzen duten establezimenduen langileen erdiak edo gehiago euskaldunak izango dira, eta lehen hitza euskaraz egingo dute. Modu horretan, establezimenduaren bezeroen hizkuntza hautua erraztu egingo da, hau da, bezeroek bertan euskaraz lasaitasunez egin dezaketela jakingo dute.

Horrela, aurreko urtean bezala 2021ean ere bertako bezeroen presentzia nagusi izango denez hiriko establezimenduetan, euskararen presentziak eta erabilerak inoiz baino balio erantsi gehiago izango du, eta establezimenduek eskaintzen duten zerbitzua hobetzeko onuragarria izango da.

Bestalde, Euskara Zerbitzuak beste zerbitzu batzuk eskaintzen ditu euskara ezagutzen edo menderatzen ez dutenentzat. Alde batetik, euskara ikastaro laburrak eskaintzen ditu arlo honetako langileentzat, eta, bestetik, doako itzulpen eta zuzenketa zerbitzua ere eskaintzen du.