Donostiako Udalak 131.000 eurotan atera du lehiaketara Sorospen Etxearen kudeaketa

Actualizado: jueves, 18 septiembre 2014 17:47

DONOSTIA, 18 Sep. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Udalak beste behin lehiaketara aterako du Sorospen Etxearen kudeaketa, eta Tokiko Gobernu Batzordeak ostiral honetan onartuko ditu oinarriak 131.000 euroko aurrekontuarekin. Emakida bederatzi hilabeterako izango da, epe horretan amaitzen baita Osakidetzarekin sinatuta dagoen hitzarmena.

Axier Jaka Ingurumen zinegotziak adierazi du eskaintza honen bidez hiriaren erdian bertan eskaintzen den osasun zerbitzua bermatuko dela. "Udalak larrialdi zerbitzu hau eskaintzen jarraituko du, Osakidetzak Alde Zaharreko anbulatorioa eta Etengabeko Arreta Gunean txertatu arte", azaldu du.

Modu honetan, interesa duten enpresek 15 egun naturaleko epea daukate eskaera aurkezteko, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratzen den hurrengo egunetik.

Donostiako Udalak goizeko 08:00etatik arratsaldeko 17:00ak arte ematen du zerbitzua, Poliklinikak egiten duen kudeaketari esker; gainerako ordutegian Osakidetzak eskaintzen du arreta. Emakida urtez urte hazi egin da, eta 2007an 126.820 eurokoa eta 2012an 137.000 eurokoa izan bazen, orain, urte beteko epea aintzat hartuta, 175.000 eurokoa da.

Udal Programaren aurrekontu osoa 210.000 eurokoa da, emakidaz gain, garbiketa, argindarra, konponketak eta mantenimendura bideratutako bestelako aurrekontu sailak ere badirela aintzat hartuta. Osakidetzak proportzionalki laguntzen du gastu hauetan.