Donostiako Udaleko lau atalek nagusiki euskaraz lan egingo dute

Actualizado: viernes, 15 mayo 2015 14:06

DONOSTIA, 15 (EUROPA PRESS)

   Donostiako Udalak nagusiki euskaraz lan egingo duten lau administrazio atal izendatu ditu: Berdintasuna, Herri Partaidetza, Hezkuntza eta Euskara Zerbitzua. Tokiko Gobernu Batzordean ostiral honetan hartutako erabaki honen bidez, "beste urrats bat ematen da euskararen normalizazioaren bidean".

   Euskarazko atal izendatzeko ezinbestekoa da, batetik, atal horretako langile guztiek euskaraz lan egiteko gaitasuna izatea eta, bestetik, atalaren arduradun politikoak euskaraz hitz egin eta ulertzeko gaitasuna izatea. Aurrerantzean, bada, atal horiek nagusiki euskaraz egingo dute lan, atalean bertan eta udaleko gainerako sailekin ari direnean.

   Nerea Txapartegi Udal Gobernuko Euskara arduradunaren hitzetan, gaur hartutakoa "erabaki inportantea da administrazioa erabat euskalduntzeko bidean". Bere hitzetan, "agintaldi honetan euskararen aldeko apustu irmoa egin dugu eta gaurko erabakia hor kokatzen da, azken batean, beste urrats bat ematen ari gara administrazio guztiz euskalduna izateko".

   Donostiako Udaleko Euskararen Erabilera Normalizatzeko 5. Planak bi helburu dituela gogorarazi du Txapartegik. "Une honetan jendaurreko atal guztietan euskararen erabilera oro har bermatuta dagoela esan genezake. Hortaz, planaren lehen helburua beteta, orain bigarrenari heldu diogu, euskara lan hizkuntza izateari. Hori ahalbidetzea da gure helburua, izan ere, benetako eta kalitatezko administrazio elebidun bat eratu nahi badugu, prestakuntza egokia eskainita, progresibotasunez baina etengabe, hizkuntza batean zein bestean, ahoz zein idatziz, euskaraz lan egiteko gai diren langileak prestatu behar ditu Udalak", azaldu du.

ATAL GEHIAGO

   Zentzu horretan, euskara lan hizkuntza gisa orokortu dadin, orain onartutako lau atalez gain, euskarazko atal gehiago izendatzea aurreikusten da, era progresiboan. Orain onartu diren atalentzat berariazko hizkuntza jarraibideak zehaztu dira eta gainerako udal zuzendaritza eta zerbitzuek dagozkien neurriak hartuko dituzte haien jarduna euskaraz bidera dezaten.

   Era berean, euskarazko atalek erabateko laguntza eta lehentasuna izango dute hizkuntzarekin lotutako gaietan, hala nola zuzenketa nahiz itzulpen zerbitzua jasotzeko orduan edota hizkuntza trebakuntza edota hizkuntza kudeaketaren alorreko prestakuntza jasotzerakoan. Euskarazko atal ez diren zuzendaritzetako langileek laguntza eta prestakuntza jasoko dute ere euskarazko ataletatik bideratzen zaien lana aurrera eraman ahal izateko.