Donostiako Udaltzaingoak erdialdeko merkatari boluntarioak eskatu ditu app berri bat probatzeko

Donostiako Udaltzaingoa
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: domingo, 21 octubre 2018 11:34

DONOSTIA, 21 Oct. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Udaltzaingoak hiriko erdialdeko merkatari boluntarioen laguntza eskatu du Inspec2T izeneko app berria probatzeko. Gailu mugikorretrarako aplikazioaren bidez hiritarren segurtasuna areagotu nahi da, hiritarren eta udaltzaingoaren arteko komunikazioa erraztuz eta azkartuz. Europar Batasuneko beste bederatzi herrialdetako poliziarekin batera parte hartuko dute proiektu pilotuan, besteak beste, Alemania, Austria, Holanda, Zipre, Letonia, Irlanda eta Erresuma Batuko poliziekin.

Urte amaieran bukatuko da proiektua, baina lehenago egoera eta denbora errealetan probatu nahi dute, eta horretarako Donostia aukeratu dute. Aurretik, Belfast (Irlanda), Valentzia (Espainia), Preston (Erresuma Batua), Engomy (Zipre) eta Groningen (Holanda) moduko hirietan probatu dute aplikazioa eta jada hobekuntzak sartu dituzte.

Horrela, Donostiako Udaltzaingoa merkatarien elkarteekin harremanean jarri da eta hiriko erdialdeko zenbait denda bisitatu ditu, proba bertan egin nahi baita. Helburua da aplikazioa proba moduan erabiliko duten dendetako 100 erabiltzaile lortzea. Aplikazioa pertsona horien Android gailuetan instalatuko da, baita Udaltzaingoko Koordinazio Gunean eta zentroan dabiltzan hiritarren segurtasunerako ohiko lanak burutzen dituzten patruila terminaletan ere.

Inspec2T aplikazioaren bitartez, dendariek eta udaltzaingoak informazioa partekatuko dute denbora errealean, segurtasunari lotutako gaien inguruan, hala nola ebasketak, lapurretak, arazoak bezeroekin edota billete faltsuen erabilera.

Martin Ibabe Herri Segurtasuneko eta Herri Babeseko zinegotziak azaldu duenez, "helburua da gertutasuneko poliziaren lana sendotzea, eta, merkatarien eta udaltzaingoaren arteko feedback-a bermatuz, Gabonetako kanpaina bezalako uneetan prebentzio plangintzak modu arinagoan antolatzea".

Horregatik, Ibabek parte hartzera gonbidatu ditu erdialdeko merkatariak: "Ahalik eta komertzio gehiago hobe, aplikazioak 100 erabiltzailerentzako gaitasuna duenez, oso tresna baliagarria izan baitaiteke burutu behar diren ekintzetarako, eta hiritar guztien segurtasunean eragina izango du".