Durangaldeko I. Koordinazio-protokoloak hobetu egingo du sexu-indarkeria jasaten duten biktimenganako arreta

Actualizado: viernes, 28 enero 2011 18:21

BILBO, 28 Ene. (EUROPA PRESS) -

Durango, Abadiño, Berriz eta Elorrioko udal bizkaitarrek, Ertzaintza, Osakidetza eta eskualdeko Mankomunitateko ordezkariekin batera, Durangaldeko erakundeen arteko I. Koordinazio-Protokoloa garatu dute sexu-indarkeria jasaten duten biktimenganako arreta hobetzeko.

Durangon egindako ekitaldian ondorengo hauek sinatu dute protokoloa: Durangoko alkate Aitziber Irigorasek; Abadiño, Berriz eta Elorrioko alkateek, Jose Luis Navarrok, Jose Javier Azpitartek eta Niko Morenok, hurrenez hurren; Durangaldeko Mankomunitateko presidente Marian Larraurik eta Ertzaintzaren eta Osakidetzaren eskualdeko ordezkariek.

Protokoloa prestatzerako orduan Abokatuen Euskal Kontseiluko ordezkariek eta Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Genero Indarkeriaren Biktimen zuzendaritzek ere hartu dute parte.

Baliabide berri honekin biktimekin lanean ari diren eragile ezberdinen arteko koordinazioa hobetu nahi da. Honela, erakunde bakoitzak egin beharreko jarduerak zehazten dira. Beste modu batean esanda, orain arte idatziz jaso izan ez diren jarduerak arautzen dira emakumeei orientabideak emateko eta zerbitzu ezberdinak koordinatzeko.

Azken baten, biktimizatze sekundarioa saihestu nahi da, indarkeria jasan duten emakumeen sufrimendua areagotu egiten baita erantzun egokia jasotzen ez badute. Honez gain, zenbait printzipio ezartzen dira biktimen arretaren inguruan: lehentasuna, asistentzia integral eta pertsonalizatua eta berdintasun-betebeharren araberako tratua. Era berean, betebeharrak ezartzen zaizkie Durango, Abadiño, Berriz eta Elorrioko udalei sexu-indarkeria erauzteko jarduerak antolatu ditzaten gizarte mailan.

Protokoloa betetzen dela ikuskatzeko eta eragile ezberdinen jarduera koordinatua hobetze aldera, hiru lan-mahai eratuko dira pertsonal tekniko eta erakunde ezberdinetako ordezkariekin.

Protokoloa garatzeko orduan aintzat hartuko da lau udalerriotan 2008an egin zen diagnostikoa. Aurrelan honetan sexu-indarkeriaren biktimen egoera aztertu zen. Durango, Berriz, Abadiño eta Elorrioko udalek elkarlanean jardun zuten euskal udalen Berdinsarean sartu eta gero.