Durangoko Azokak 2.300 produktu izango ditu sareko dendan eta 100 kultur ekitaldi antolatu ditu

55. Durangoko Azokako Egitarauaren Eta Nobedade Nagusien Aurkezpena.
DURANGOKO AZOKA
Actualizado: jueves, 26 noviembre 2020 13:41

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

Durangoko Azokak webgunean sortuko den sareko dendak 2.300 produktu baino gehiago izango ditu salgai, 852 nobedaderekin, eta Durangon bertan 100 kultur ekitaldi baino gehiago izango dira. Azokaren 55. edizioa, beraz, modu presentzialean eta sarean gozatzeko aukera egongo da, abenduaren 4tik 8ra arte.

Edizio berezi honetako egitaraua eta nobedade nagusiak aurteztu dituzte ostegun honetan Nerea Mujika Gerediagako presidenteak, Arantxa Atutxa Gerediagako kudeatzaileak eta Oihane Agirre Azoka Telebistako kideak, besteak beste, Durangoko Landako Gunean.

Mujikak adierazi duenez, "erakusmahaiz beteta ikustera ohituta gauden gune hau, aurtengoan sareko dendaren biltegi eta sormen eta kultur ekitaldi desberdinen erakustoki bihurtuko da".

Horrela, kulturzaleek aurten sortutako 852 nobedade izango dituzte eskura www.durangokoazoka.eus webgunean: 636 liburu, 100 musika produktu, 44 aldizkari eta 72 bestelakoak (ikus-entzunezkoak, jokoak, papergintza). Guztira, 2.300 produktu erosi ahal izango dira euskal kulturaren denda erraldoian, 185 parte hartzaileren eskutik (diskoetxeak, argitaletxeak, elkarteak, autoekoizleak).

Sareko dendan erosketak egiteko aukera abenduaren 4tik 8ra arte egongo da, baina ostegun honetako 16:00etatik aurrera katalogoa kontsultatu eta produktuak aukeratu ahal izango dira "desioen saskian". Horrela, abenduaren 4an, aukeratutako "desioen saski" hori errealitate bihurtuko du erosleak, ordainketa egin eta erosketari amaiera emanez.

Ordainketa egiten duten lehenengo 1.000 erosleek aurtengo kartelaren irudiarekin egindako poltsa berezia jasoko dute doan, euren erosketarekin batera. Halaber, 45 eurotik gorako erosketa guztiek ez dute bidalketa gasturik ordaindu beharko.

EGITARAUA

Bestalde, Atutxak gogoratu duenez, Durangoko Azoka ez da bakarrik salerosketarako gune hutsa: "Kulturaz gozatzea, sortzaile berriak deskubritzea, hausnarketa mamitsuak entzuteko eta ikuskizun nahiz kontzertuak bizitzea ere bada".

Ildo horretan, Durangon 100 kultur ekitaldi izango dira, bi espaziotan: Landako Gunean eta Plateruenan. Azokan egon ohi diren gune guztietako jarduerak izango dira: Ahotsenea, Kabi@, Szenatokia, Saguganbara, Plateruena, Irudienea eta Areto Nagusia. Parte hartuko duten sortzaileak oso anitzak izango dira, hala nola ibilbide luzeko artistak edota euren lehenengo disko edo liburua kaleratu duten sortzaileak.

Plateruenan diskoen aurkezpenak egingo dira, abenduaren 5etik 8ra, 10:30etik 21:00ak arte. Guztira 37 musika talde igoko dira taula gainera, besteak beste, Bulego, Marlik, Zetak, Mikel Urdangarin, Haxotz, Korrontzi, Rafa Rueda, Basabi, Gatibu, Hibai, Trikidantz, Kohatu, Pantxix Bidart, Peio eta Itsua, Roberto eta Miren Etxebarria, X Sakara edo Maria Rivero.

Landako Gunean gainontzeko jarduerak antolatuko dira. Goizean goizetik familientzako ipuin aurkezpenak eta ikuskizunak izango dira, eta ondoren, gai desberdinei eta gaurkotasunari lotutako mahainguruak. Goiz eta arratsaldez, literatur solasaldiak eta liburuen aurkezpenak izango dira, eta eguerdian, ikus-entzunezkoen txanda izango da, umeentzako pelikulak eta film laburrak.

Arte eszenikoek ere izango dute lekua, irakurketa dramatizatuen bidez. Idazleen artean, besteak beste, Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga, Jakoba Errekondo, Miren Agur Meabe, Yurre Ugarte, Kattalin Miner, Andoni Olariaga, Iñaki Egaña eta Danele Sarriugartek parte hartuko dute.

Ekitaldi guztiak presentzialak izango dira, edukiera mugatuarekin, eta beharrezkoa izango da aldez aurretik sarrerak erreserbatzea. Gaur gaurkoz indarrean dauden mugikortasun ezarpenak kontuan hartuta, Durangoko egitarauaz Durangon bertan eta mugakide diren herrietan bizi diren kulturzaleek gozatu ahal izango dute. Gonbidapenak eskuratu daitezke jada www.durangokoazoka.eus webgunean, doan.

Gainera, Agirrek azpimarratu duenez, kulturzaleek aukera izango dute Azokako webgunetik Durangon gertatzen ari dena jarraitzeko: "Bi 'streaming' kanal egongo dira gure webgunean, bata Landako Guneari dagokiona eta bestea Plateruenari, eta bertan egunero 10:30etik 21:00ak arte Azoka ikusi, entzun eta gozatu ahal izango duzue".

Jakina denez, Durangotik kanpo ere jarduerak antolatuko ditu Azokak, 'Zu non, han DA!' ekimenaren baitan. Euskal Herriko zortzi herritan kontzertuak egongo dira (Amurrio, Atarrabia, Azpeitia, Bermeo, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Ondarroa), 32 musika talderen parte hartzearekin. Sarrerak salgai daude Azokako webgunean.

Horrela, Mujikak dei egin die herritarrei aurtengo Azoka beste modu batera bizitzeko: "Durangon, zure herriko aretoan edo etxean, goza ezazue aurtengo Azoka. Hartu tarte bat online denda kuxkuxeatzeko eta egin klik, eskuratu euskal kultura. Ez dadila Azokaren taupada eten, ezta euskal kulturarena ere".

JARDUERA BEREZIAK

Bestalde, urtero bezala, Durangoko Azokako lehenengo egunean Ikasle Goiza antolatuko da, eta kulturaren plazak sareko hainbat tailer antolatu ditu Euskal Herriko ikastetxeentzat (bikoizketa, blender, nola sortu liburu bat, ilustrazioa, yogipuinak). Lantegiotan parte hartzeko ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea, eta webgunean bertan eskuragarri daude jada. Maila ezberdinetako ikasleentzat dago eskaintza, 5 eta 16 urte bitartekoentzat, hain zuzen ere.

Tailerrez gain, Ikasle Goizak beste ekimen berezi bat izango du. Oihan Vegak eta Oizeder Mayo kazetariek sortzaile ezberdinekin elkarrizketa saioa gidatuko dute eta tartea www.durangokoazoka.eus webgunean jarraitu ahalko da zuzenean. Liher musika talde donostiarrak, Kai Nakai abeslari eta iaz Azokako sormen beka irabazi zuen sortzaileak eta Erika Elizari eta Aitor Arana idazleek parte hartuko dute.

Goiz horretan bertan, Durangoko Sanagustin kulturgunean DA! PRO egitasmoaren bigarren edizioa ospatuko da. Bigarren urtez, musikari, programatzaile eta musika industriako kideen arteko topagunea sortuko da Azokan. Aurten 15 musika taldek aurkeztuko dituzte euren proiektu berriak.

Azokako inaugurazio ekitaldia abenduaren 4ko arratsaldean izango da, 18:00etan. Azokako kide eta erakundeetako ordezkariez gain, 'Azokako lehen taupaDA!' ekitaldian parte hartuko dute Eñaut Elorrietak, Kirmen Uribek (New Yorketik) eta Bagara dantza talde durangarrak.

Lehenengo egunari amaiera emateko, Kai Nakaik aurkezpen kontzertua egingo du Plateruenan, 19:30etik aurrera. Iazko Durangoko Azokako sormen bekaren irabazleak reggetoi doinuz jositako 'Baimenik gabe' disko berria aurkeztuko du. Aurtengo sormen bekaren irabazlea, ikus-entzunezkoekin lotuta, abenduaren 6an iragarriko da.

Azokako azken egunean, abenduaren 8an, 'Taupadaz taupada' ikuskizun berezia izango da Landako gunean, 12:00etan. Miren Amuriza, Amancay Gaztañaga, Antton Telleria eta Maite Arroitajauregi 'Mursego' izango dira parte hartzaileak, eta edizio honetako leloaren inguruko hausnarketa plazaratuko dute.