Durangoko Azokako bigarren eguna II. Sormen Bekaren irabazlea iragarriz hasiko da

Ikasleek bete dute Azokako lehen eguna.
DURANGOKO AZOKA
Publicado: jueves, 5 diciembre 2019 17:55

BILBO, 5 Dic. (EUROPA PRESS) -

Durangoko Azokako 54. edizioko bigarren eguna II. Sormen Bekaren irabazlearen iragarpenarekin hasiko da, ostiralean, abenduaren 6an, milaka ikaslek ostegun honetan Landako Gunea eta Azokako gainontzeko espazioak bete ostean. Goizeko 10:30ean jakinaraziko da aurten Sormen Beka zein musikarik irabazi duen, eta iazko irabazleek euren produktua aurkeztuko dute, antolakuntzak jakinarazi duenez.

Sormen Bekaren aurtengo gaia musika da, eta irabazleak urtebete izango du bere proiektua garatzeko, hots, datorren urteko Azokarako. Beka 15.000 eurokoa da, eta Durangoko Udalaren babesa du. Aurtengo irabazlea ezagutzeaz gain, iazko irabazleek ere euren produktua aurkeztuko dute: 'AtopiaRPG', euskarazko lehenengo rol jokoa.

Guneei dagokienez, Ahotsenean solsaldian izango dira, besteak beste, Bernardo Atxaga, Karmele Jaio, Harkaitz Cano edota Berri Txarrak taldea. Arratsaldean ere Unai Elorriagak bere azken lana aurkeztuko du, eta 19:00etan Joseba Sarrionandiaren 'Airea ez da debalde' liburua aurkeztuko da. Zuzenekoen karpan talderik ezagunena Zea Mays izango da, 11:40ean, baina eszenatoki bietan Mad Muasel, Afrika Bibang, Sua, Belatz edo Zazkel bezalako proposamenak izango dira.

Areto Nagusian, egunero bezala, hainbat aurkezpen egingo dira: 'Bittor eta biok', Gontzal Mendibil, Xabier Kintana, Xabier Amuriza eta Antton Mari Aldekoa-Otalorarekin; yoga saioa, Maite Eizmendirekin; 'Tarrapatan. Pandero baten ibilbidea', Xabier Berasaluze Leturiarekin; eta beste hainbat.

Irudienean Kimuak film laburrez gozatu ahal izango da: 'Mateoren ama', 'Medvedek', 'Artiko' eta 'Lursaguak'. Josu Martinezen "Anti" film laburra ere proiektatuko da, eta eguna amaitzeko, 'Lou, dantzan jo eta ke, oinak lehenertu nahian' dokumentala, euskal rock eszenan emakume aitzindariei buruzkoa.

GAMER EGUNA

Halaber, Kabi@n Gamer Eguna ospatuko da; goizean hainbat joko aurkeztuko dira, eta arratsaldean jolaserako tartea egongo da. Saguganbaran, bere aldetik, ipuin kontaketak ('Altxorraren bila!', 'Katta' eta 'Zure bihotzean'), Steam esperimentuak haurrentzat, lantegiak ('Familia jolasean', 'Azalerako ipuinak' eta 'Liburu Baby Kluba') eta hainbat liburu aurkezpen izango dira.

Szenatokian osagai nagusi bi izango dira: 17:00etan Ganbila antzerki bildumaren aurkezpen teatralizatua eta 19:00etan Kukai Dantza Taldearen 'Erritu' ikuskizuna. Musika Eskolan, Gogoetaren Plazaren lehenengo saioa antolatuko da: 12:30ean 'Gu gara euskal prentsa' mahai ingurua izango da Josu Landa eta Elixabete Garmendiarekin, eta 18:30ean, lizentzia libreei buruzkoa, Gotzon Barandiaran, Miren Narbaiza eta Dabid Martinezekin.

Egunero bezala, eguna Plateruena Kafe Antzokian amaituko da, eta 23:00etan, Pello Reparazek bere proiektu berria aurkeztuko du: Zetak. Sarrerak salgai daude 12 euroan webgunean eta 15 euroan txarteldegian.