EAEko 100dik gora udalerrik egin dute bat jada Mugiment Kirol txartelarekin

Archivo - Udal igerileku bat
AYUNTAMIENTO DE BILBAO - Archivo
Actualizado: jueves, 2 mayo 2024 12:50

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

Gipuzkoako Urnietak eta Bizkaiko Lemoizek bat egin dute Mugiment Kirol txartelarekin, eta horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ehundik gora udalerritako herritarrek ekimenera atxiki diren beste herrietako kirol azpiegiturak erabil ditzakete jada, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik jakinarazi dutenez.

Mugiment "txartel birtual" bat da, eta aukera emkaten die udal kirol zerbitzuetako harpidedunek programari atxikitutako EAEko beste udalerrietako kirol instalazioetara joateko. Helburua bikoitza da: batetik, baliabide publikoen kudeaketa hobetzea eta, bestetik, herritarrei kirol eskaintza handiagoa eskaintzea.

2017. urtean jarri zen martxan Mugiment Kirol txartela eta gaur egun 75.971 erabiltzaile daude erregistratuta eta guztira 323.149 erabilera baino gehiago izan ditu (erregistratutako erabileratzat hartzen da beraiena ez den udalerri batetik proiektuari atxikitako beste udal kirol instalazioetako batera kirola egitera joaten den erabiltzaile kopurua). Guztira, 174 kirol instalazio eta 1169 jardueraz gozatzeko aukera dute. Ekimenari atxikitako herri bakoitzak bere zerbitzu eta ordutegi eskaintza ezartzen du Mugiment Kirol txartela dutenentzat, eta kiroldegi bakoitzean kontsulta daiteke.

Mugiment Kirol txartelaren zerbitzuez baliatzeko baldintza bakarra da atxikitako herrietako udal kirol zerbitzuen abonatua izatea. Doakoa eta birtuala denez, Interneteko konexioa duen gailu mugikor bat baino ez da behar Mugiment Kirol txartelaren aplikazioa deskargatzeko Google Play-n eta App Store-n. Deskargatu eta instalatu ondoren, erregistratu egin behar da eta datu pertsonalak, helbide elektronikoa eta NANa eman behar dira, zein kirol entitateri ordaindu edo abonatu zaion adieraziz.

Dagokion entitateko kide dela egiaztatu ondoren, jakinarazpen bat jasoko da eta Mugiment Kirol Txartela erabiltzen hasi ahal izango da. Erabilera edo sarbide bakoitzean, erabiltzaileak txartel digitala erakutsi beharko du gailu mugikorrean, NANarekin batera, eta kirol instalazioaren arduradunak egiaztapen kode bat jarriko du erabiltzailearen gailuan, eta instalazioan sartzeko aukera emango zaio.

Contador