EAEko 18-29 urteko gazteen %51k unibertsitatera eta %40k Lanbide Heziketara joatea aukeratuko luke

UPV - Archivo
Actualizado: miércoles, 26 junio 2019 11:05

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

Une honetan unibertsitateko karrera bat ikastea edo goi mailako Lanbide Heziketako ziklo bat ikastea aukeratu behar izango balute, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 18 eta 29 urte bitarteko gazteen %51k unibertsitatera joatea aukeratuko luke, eta %40k, aldiz, goi mailako Lanbide Heziketako zikloren batera. Gainontzeko %9k ez daki edo ez du erantzun.

Gazteen Euskal Behatokiak aztertu ditu datu horiek, Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak argitaratutakoak oinarri hartuta.

Euskadiko 30 urtetik gorako biztanleriaren datuekiko alderaketa eginez gero, unibertsitatera joatea nahiago luketenen ehunekoa antzekoa da adin talde guztietan, baina goi mailako Lanbide Heziketako zikloren bat egitea aukeratuko luketenen ehunekoak gora egiten du adinean behera egin ahala.

Aitzitik, 30 urtetik gorako biztanleen artean, eta batez ere 65 urtetik gorakoen artean, erantzun ez dutenen ehunekoa gorantz doa adinarekin batera. Gazteek 2019an eta 2013an emandako erantzunak konparatzen badira, dezente handitu da Lanbide Heziketako zikloak ikastea aukeratuko luketen gazteen ehunekoa.

2019an Lanbide Heziketako zikloak aukeratuko lituzketenen artean gehien errepikatu den azalpena da horrela lana aurkitzeko aukera gehiago daudela, goi mailako Lanbide Heziketako zikloren bat aukeratuko luketen %75ek eman baitute arrazoi hori.

UNIBERTSITATEA

Oro har, gazte gehienen ustez, Euskadiko unibertsitateetako (EHU, Deustuko unibertsitatea eta Mondragon unibertsitatea) irakaskuntzaren kalitatea ona edo oso ona da (%77) eta ondo edo oso ondo funtzionatzen dute (%81). Aldi berean, gazte gehienek uste dute hemengo unibertsitateek titulazio aukera handia edo dezentekoa eskaintzen dutela (%75), irakasleak oso edo nahikoa prestatuak direla (%68) eta, ikerketari dagokionez, oso edo nahikoa aurreratuak daudela (%61).

Halere, unibertsitatean sartzea oso edo nahikoa erraza denik uste duten gazteak %44 dira, eta oso edo nahikoa zaila izaten dela uste dutenen artean gehien argudiatu diren arrazoiak dira karrera batzuetara sartzeko oso nota altuak eskatzen direla (hori azaldu dute sartzea zaila dela uste duten gazteen %52k) eta gastua ere altua dela (%40k). Izan ere, gazte guztien erdiak baino zertxobait gehiagok (%54k) uste dute gaur egun egoera ekonomiko ona dutenak bakarrik joan daitezkeela unibertsitatera.