EAEko eta Herbehereetako Lanbide Heziketako ikasleak elkarlanean ari dira proiektu batean

Proiektuan parte hartzen ari diren ikasleak.
HETEL
Actualizado: martes, 21 enero 2020 13:27

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Herbehereetako Lanbide Heziketako ikasleak elkarlanean ari dira plastikoak erabiliz harizpiak ekoiztuko dituen makina diseinatzeko proiektu batean. Harizpiak 3D inprimagailuetan erabili ahal izango dira, besteak beste.

Hain zuzen, HETEL Euskadiko Lanbide Heziketako Abantean Ikastetxeen Elkarteko bost ikastetxe (Bizkaiko hiru eta Arabako eta Gipuzkoako bana) eta Herbehereetako ROC Da Vinci eskola ari dira proiektuan parte hartzen. Ikasleek joan den astean ezagutu zuten elkar EAEn, eta lantaldeak dagoeneko buru-belarri ari dira lanean irakasleek proposatu dieten erronkari aurre egiteko.

HETELek jakinarazi duenez, erronka bati aurre eginez elkarlanean ikasteaz gain, funtsezkoak diren beste trebetasun eta gaitasun batzuk ere barneratuko dituzte proiektuan parte hartzen dutenek, hala nola ingelesa menderatzea, kultura anitzeko taldeetan lan egitea, independentzia eta autokudeaketa. Nazioarteko erronkari emandako irtenbidea irakaslez eta enpresaz osatutako epaimahai baten aurrean aurkeztuko dute martxoan, Herbehereetan.

Nazioartekotze esperientzia bat da, eta Fabrikazio Mekanikoaren Diseinuko goi mailako Lanbide Heziketako zikloan egiten ari direna. HETELeko ikastetxeetako irakasleek erronka bat diseinatu dute Herbehereetako irakasleekin batera, eta, ondoren, ikastetxe horietako ikasle taldeek ebatzi beharko dute, bi hilabetetan sarean lan eginez.

Proiektuaren berezitasuna da ikasleek taldean egin behar dutela lan, hau da, hainbat lekutan kokatuta jardun behar dutela -bakoitza bere ikastetxetik-, eta hori guztia teknologiei esker eta ingelesa erabiliz.

Egitasmoak e-MOTIVE metodologia darabil. Metodologia horren bitartez, HETELek erakutsi nahi izan du nazioartekotzeak ez dakarrela nahitaez fisikoki mugitu beharra, eta ikastetxetik bertatik atera gabe ere lan egin daitekeela, nazioarteko testuinguru batean.

"Izan ere, gaur egun, horrela dihardute ia enpresa gehienak. Kokalekua dagoeneko ez da nazioartekotze gaitasuna baldintzatzen duen faktore bat. Horrelako egoeretan, komunikazioaren teknologiek berebiziko garrantzia hartzen dute", adierazi dute HETELetik.