Etxeko batez besteko gastua %4,9 gehitu da 2021ean EAEn

Archivo - Jatetxe bat Bilbon
EUROPA PRESS - Archivo
Actualizado: martes, 28 junio 2022 11:37

Jatetxe eta hotelen gastuaren igoera nabarmendu da, %31,9 egin baitu gora 2020aren aldean

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) etxeko batez besteko gastua 33.045 eurokoa izan da 2021ean kopuru arruntetan, hau da, aurreko urtean baino %4,9 gehiago. Jatetxe eta hotelen batez besteko gastuaren igoera nabarmendu da, Eustat euskal estatistika erakundeak bildutako datuen arabera.

Eustatek zehaztu duenez, emaitzak aztertu behar dira covid-19ak eragindako pandemiaren ondoriozko testuinguru sozial eta ekonomikoaren baitan, EAEko etxeetako azken gastuaren bilakaeran eragina baitu.

Termino absolutuetan, kontsumoko gastu osoa 30.062 milioi eurora iritsi da 2021ean, hau da, aurreko urtean baino %4,5 gehiago, eta gastu taldeetan bilakaera desberdinak izan ditu. Hala, gastu bolumenean esanguratsuenak diren bi taldeetatik, etxebizitza, ur, elektrizitate, gas eta beste erregai batzuei eta elikagai eta alkoholik gabeko edariei egotz dakiekeen gastu osoa %0,3 eta %0,5 hazi dira, hurrenez hurren.

Bi taldeek izan dute pandemia aurreko 2019koa baino gastu bolumen handiagoa, irakaskuntzak bezala (%15,1 hazi da 2020aren aldean eta 2019an talde horretan eginiko gastuaren gainetik).

Aurreikusten zen bezala, jatetxe eta hotelen gastuaren igoera nabarmendu da, %31,9 egin baitu gora 2020aren aldean, covid-19aren ondoriozko murrizketak amaitu direlako, pandemiaren aurreko gastu mailak lortu ez diren arren.

Era berean, nabarmen hazi dira soinekoak eta oinetakoak taldearen gastuak (%16,2), osasunarenak (%10,4) eta garraioenak (%6,5), baina talde horietako batean ere ez dira lortu 2019ko gastu mailak.

Komunikabideak taldeko gastuek %3,0 egin dute behera 2020arekin alderatuta, bai eta alkoholdun edariak eta tabakoa taldearenek ere (-%12,1). Jaitsiera gertatu da 2020an gastu talde horren hazkunde handia izan zelako, baina azpimarratu behar da 2021ean gastu bolumena 2019koa baino handiagoa izan dela.

Etxe bakoitzeko batez besteko gastuek, gastu taldeen arabera, antzeko bilakaerak dituzte. 2020ko datuekin alderatuta, honako gastu hauek soilik igo dira: jatetxeak eta hotelak (%32,4), soinekoak eta oinetakoak (%16,7), irakaskuntza (%15,5), osasuna (%10,8) eta garraioak (%6,9). Aitzitik, aurreko urtearekin alderatuta etxe bakoitzeko batez besteko gastu hauek murriztu dira: alkoholdun edariak eta tabakoa (-%11,7) eta komunikabideak (-%2,6).

LURRALDEAK

Bestalde, lurralde bakoitzari dagokionez, Arabako familiek EAEko kontsumo gastu osoaren %15,0 egin dute 2021ean, Bizkaikoek %52,3 eta Gipuzkoakoek %32,7.

Arabako etxeek, nahiz eta batez besteko gasturik txikiena izan duten etxe bakoitzeko (31.924 euro), 2021ean gehien areagotu dutenak izan dira, %11,7ko hazkundea izan baitute, alegia, urtean batez beste 3.344 euro etxeko.

Igoera horren arrazoi nagusia izan da gastuek gora egin dutela garraioetan (%49,0), etxebizitza, ur, elektrizitate, gas eta bestelako erregaietan (%4,1) eta beste ondasun eta zerbitzu batzuetan (%18,4), besteak beste. Jaitsiera handiena, aldiz, honako gastu hauek izan dute, 2020arekin alderatuta: alkoholdun edariak eta tabakoa (-%3,5) eta komunikabideak (-%3,1).

Gipuzkoako etxeek izan dute batez besteko gasturik handiena etxe bakoitzeko (batez beste 34.176 euro urtean), EAEko batez bestekoa (33.045) baino %3,4 handiagoa eta 2020an baino %2,0 handiagoa.

Igoeraren arrazoi nagusia izan da jatetxeetan eta hoteletan eta osasunean egindako gastua igo egin dela (%28,1 eta %30,6, hurrenez hurren). Aitzitik, behera egin dute, nabarmen, etxeko batez besteko gastuek alkoholdun edarien eta tabakoaren (-%26,3), beste ondasun eta zerbitzu batzuen (-%6,9), garraioaren (-% 5,5), eta etxebizitza, ur, elektrizitate, gas eta beste erregai batzuen kasuan (-%1,0).

Bizkaian, etxe bakoitzeko batez besteko gastua 32.696 eurokoa izan da 2021ean, aurreko urtekoa baino %5,1 handiagoa; alegia, etxe bakoitzeko batez besteko gastua urtean 1.583 euroan areagotu da.

Igoera handiena jatetxe eta hotelak taldean izan da, %41,1ekoa 2020arekin alderatuta; alegia, etxe bakoitzeko batez besteko gastua talde horretan urtean 916 euro handiagoa izan da. Berdin gertatu
da garraioak taldean ere, %6,0 areagotu baita. Aitzitik, 2020aren aldean honako talde hauek behera egin dute: elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak (-%1,7), alkoholdun edariak eta tabakoa (-%3,4) eta komunikabideak (-%2,5).

INTERNET BIDEZKO GASTUA

Etxeetako kontsumo gastuaren zati gero eta handiagoa Internet bidez egiten da, eta 2021ean EAEko etxeetako gastu osoaren %4,8 izan da, 1.438 milioi eurora iritsita.

Internet bidez erositako ondasun eta zerbitzuen gastu egituraren arabera, soinekoak eta oinetakoak gastu taldea %28,2 izan da, eta talde horren barruan, soinekoen gastua nabarmendu da. Horren atzetik daude jatetxeak eta hotelak eta aisia eta kultura (%20,4 eta %16,6, hurrenez hurren).

Jatetxeak eta hotelak taldearen barruan, Internet bidez erositako ostatu zerbitzuen pisua berreskuratu da, zerbitzu horien pisua %68,1 baitzen 2020an, eta %86,3 joan den urtean. Ondorioz, jatetxe arloari lotutako zerbitzuek pisua galdu dute, talde horretan 2020an Internet bidezko gastuen %31,9 izatetik %13,7 izatera pasatu baitira 2021ean.

Aisia eta kultura taldeari dagokionez, 2020ko egiturarekin alderatuta, 2021ean pisua galdu du eta gastuaren %21,7tik %16,6ra igaro da. Talde horren barruan, Internet bidezko gastua ikus-entzunezko, argazki eta informazioa prozesatzeko ekipamenduetan eta aisia, kirol
eta kulturarako ondasunetako gastuak dira pisu gehien galdu dutenak.

Internet bidez egindako gastuaren bilakaerari erreparatuta, ikusten da erosketak sarean egin dituzten etxeen ehunekoak behera egin duela pixka bat 2020tik, eta etxe guztien %36,5 izan dira. Hala ere, Internet bidez erosketak egin dituzten EAEko etxeen batez besteko gastuak nabarmen egin du gora, 4.336 eurora iritsi arte, aurreko aldian baino %14,2 gehiago.