EAEko herri erakundeek pinuen gaitzari aurre egiteko plan bat abiatu dute

EAEko herri erakundeetako arduradunak
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: jueves, 11 octubre 2018 14:37

DONOSTIA, 11 (EUROPA PRESS)

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak euskal basogintzaren sektoreari emandako babesa berretsi dute ostegun honetan, manifestu instituzional bat sinatuz eta pinuen gaitzari aurre egiteko plan bat abian jarriz, "Konifero basoak berreskuratzeko euskal estrategia" delakoaren barruan.

Estrategiak hiru jardun esparru nagusi ditu: gaitzari eta horrek hiru lurraldeetako baso eremuetan eragiten dituen kalteei buruzko ezagutza sortzea, gaitzari aurre egiteko neurriak zehaztea, eta sektorea berreskuratzea. Aurkeztu den planak aldaketak izan ditzake gerora, egoeraren unean uneko garapenera egokitzeko.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituren sailburuak, Ainhoa Aizpuru Gipuzkoako Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako foru diputatuak, Eduardo Aguinaco Arabako Nekazaritza Saileko foru diputatuak eta Elena Unzueta Bizkaiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuak agerraldia egin dute, Donostian, planaren berri emateko.

Euskal herri erakundeek azken urtean egin duten lanaren emaitza da plana. Zehazki, basoen osasunerako aholkulari taldeak 2017ko urrian egin zuen egoeraren diagnostikoa. Sektoreko ordezkariek eta Administrazioak osatzen dute taldea. Euskal basogintza politikaren ildo estrategikoak izan dituzte abiapuntu aurrerantzean garatu beharreko jarduerak zehazteko, eta aintzat hartu dituzte aholkulari taldearen diagnostikoa, sektoreak duen garrantzia eta gaitzak eragin berri duen kaltea.

Hartu beharreko neurrien abiapuntu da basoaren kudeaketa jasangarria edo ekonomikoki errentagarria izango den basogintza jarduera bat garatzea, baso azalerari eustea edota basogintza sektore profesional gisa indartzea. Neurri horiek egituratzeko orduan, kontuan hartu da estrategia sustatzen duten erakundeetako bakoitzaren eskumen eremua, bai eta ahalik eta eraginkortasunik handiena lortzeko koordinaturik lan egitearen printzipioa ere. Hiru jardun esparru horiek zehaztu izanari esker, herri erakundeek ezohiko egoera honen "neurriko erantzun bateratua" eman ahal izango dute.

EZAGUTZA

Gaitzari eta horrek EAEko hiru lurraldeetako baso eremuetan eragiten dituen kalteei buruzko ezagutza sortzeko zenbait ildori jarraituko zaie. Alde batetik, eremu kaltetuak eta gaixotasunaren garapena neurtuko dira, azalerak kalte mailaren arabera sailkatuko dira, eta eritasunak dituen jokabidea, zikloa eta moztu ondoren irauteko gaitasuna aztertuko dira.

Bestalde, konponbide bat bilatuko da mendian tratamendu desberdinak modu esperimentalean aplikatuz, beste leku batzuetako praktika arrakastatsuak identifikatuko dira eta adituekin informazioa trukatu, eta, gainera, ikerketa eta informazio bilketa egingo da produktuak, dosiak eta tratamendua egiteko momentuak definitzeko asmoz. Halaber, aldagai klimatikoek gaixotasuna zabaltzen izan dezaketen eragina aztertuko da.

Gaitzari aurre egiteko neurrien bidez, erantzun bat eman nahi zaie haren prebentzioari, tratamenduari eta tratamenduaren aplikazioari loturiko gaiei, eta alternatibak ere bilatu nahi dira. Ildo horretan, oxido kuprosoa erabiliz aireko tratamendua egiteko baimen bereziak tramitatzen ari dira (tramite hori ezinbestekoa da halakoetarako), emaitza onak lortu baitira beste zenbait lekutan, EAEko pinuei erasan dien onddoaren antzekoen aurkako tratamenduekin.

Era berean, gaixotasunarekiko erresistenteak diren landareak inportatuko dira, laguntzen foru planetan prebentzio neurriak indartuko dira eta halako kasuetan gomendatzen diren basogintzako praktikak bilduko dituen gida bat prestatuko da.

Bestalde, laguntzen foru planak indartuko dira larri kaltetutako masak mozteko eta basoberritzeko, mozketak egiteko tramite administratiboak erraztu eta arinduko dira, tratamenduak egiteko beharrezko azpiegitura tekniko-administratiboa prestatuko da, lehentasunezko mozketak egiteko eremuak eta gaitza hedatzea mugatzeko mozketa eremuak izendatuko dira, eta moztutako zura gordetzeko eremuak antolatuko dira, pixkanaka saldu ahal izateko.

Sektorea berreskuratzeari dagokionez, gaixotasunarekiko erresistenteak eta sektorearentzat merkataritzaren ikuspuntutik interesekoak diren espezieak identifikatuko dira eta horiekin esperimentatuko da, jatorri bermeduna duten haziak erabiltzea sustatuko da, eta espezie desberdinak karakterizatzeko proiektuak egingo dira.

Orobat, foru eskumeneko mendietan landaketa esperimentalak egiteko proiektuak diseinatuko dira, gaitzak jotako landaketak moztea eta espezie erresistenteekin basoberritzea sustatzeko basogintzako laguntzak indartuko dira, eta gaixotasunarekiko erresistenteak diren pinuak bilatu eta ugalduko dira.